KRITIKA. Musika.

Itsaso oldartsuan kontuz

2024ko martxoaren 22a
05:00
Entzun

EUSKADIKO ORKESTRA

Zuzendaria: Pablo Gonzalez. Mezzosopranoa: Alisa Kolosova. Abesbatza: Donostiako Orfeoia. Egitaraua: S. Venegasen At the Aegean shores, B. Brittenen Peter Grimes op. 33a, Four Sea Interludes eta S. Prokofieven Alexander Nevski op. 78. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Martxoaren 20a.

Programa gogorra aurkezten ari da egunotan Euskadiko Orkestra, gerra, pobrezia eta bortizkeria fisiko zein sinbolikoa erdigunean jarri, eta horiek guztiek dakartzaten dramak taularatzen dituena. Itsaso aztoratu horren uretan batuta zuhurra dute gidari, RTVEko Orkestra Sinfonikoan titularra den Pablo Gonzalez, alegia. Orkestra zein abesbatza sen onaz bideratu zituen, intentsitate handiko pasarteak gehienetan ondo neurtuz.

Kontzertua Saskia Venegasen At the Aegean shores (Egeoko kostaldean) obrak ireki zuen. Amberesko Orkestra Sinfonikoak estreinatu zuen 2017an, eta duela bi urte entzun ahal izan zen gurean lehenengoz. Konpositorearen hitzetan, 2016ko udan Lesbosko errefuxiatu-esparru batean boluntario gisa lanean ikusi zuenari buruzko hausnarketa egiten duen pieza programatikoa da, eta, hortaz, eszena zehatzak musika bidez irudikatzea du helburu. Piezak, hala, egoera lazgarrietatik ihes egin eta Greziako kostaldera iristen direnen bidaia kontatzen du, gomazko txalupatik burokrazia zapaltzailearen hormaren kontra jo arte. Soinuaren trataera gordina egiten da bertan, itsasoaren orroa eta ezezagunaren zama batzen dituena, makrohistorian guztiok dugun arduraz jabetzera gonbidatzen gaituena.

Programaren lehen zatia Benjamin Brittenen Peter Grimes operako Lau itsas interludio orkestra-suite zirraragarriak osatu zuen. Euskadiko Orkestra distiratsu agertu zen lau mugimenduetan, tarteka metalen presentzia burrunbatsua gehiegizkotzat har zitekeen arren. Sunday morning mugimenduan, zurezko haizeak goxo, flauten txioak lagun.

Bigarren zatian, Sergei Prokofievek Alexandro Nevski kantata entzun zen. Errusiako historiaren gorespen abertzalea da, suediarren eta teutoien inbasioa eragotzi zuen Novgorodeko printzearen istorioa. Donostiako Orfeoiak indarrez eta doitasunez ebatzi zuen abesbatzaren papera, batzuetan ezkutuegi, baina ahoskera bikainaz. Eta Kolosovak sakontasunez zabaldu zuen maitalearen bila dabilen neskaren aienea. Karga dramatiko handiko programa izaki, tentuz ekin zioten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.