'Itsasoko izaki' liburuarekin, poesiaren plazara itzuliko da Amaia Lasa

Maiatz argitaletxearen eskaintza berrian dago, 'Aingeruekin solasean' Hungariako liburuaren itzulpenarekin batera

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2010eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Durangoko Azokarako eta aurten estreinatzekoa duten Kanboko Euskal Azokarako uzta berria prestatua du Baionako Maiatz argitaletxeak. Ekarri berritasun horien artean, bata Amaia Lasaren (Getaria, Gipuzkoa, 1948) olerki bilduma da. Urteetan landu duena, inprimarazi aitzin. Eta azkenean hor dago emaitza: Itsasoko izaki. Izaki hori bera Lasa da, liburuan dioen bezala, «Jaungoiko guztiak ukatzen dituen emakume bat naiz», besteak beste. Baina, hori bai, itsasoa beti hurbil: «Itsasoak Amaia Lasa bezalako poeta bat dauka bere baitan, eta Amaia Lasa poetak, berriz, Kantauri bezalako itsasoa begietan», dio sar hitzan Jose Luis Padron olerkariak, liburua aurkezteko. Itsasoa bezala, Harlem, Nikaragua eta Peneloperen taupadek ere josten dute liburua, baita Lurdes Muñoz Otaegiren marrazkiek ere.

Beste berritasunen artean, Aingeruekin mintzo liburua dute. Hungarieraz idatzi Az Angyal Válaszol liburuaren euskarazko bertsioa, Gabi Oihartzabalek itzulia, hainbat laguntzei esker. Suitzako Daimon argitaletxearekin elkarlanean argitaratu du Maiatzek. Liburua lau gazte hungariarren solasetan oinarritzen da. 1943an, Hungaria gerlaren atarian da, eta Hanna, Joseph, Lili eta Gittak elkartzen dira eta gogoeta sakonak partekatzen dituzte kaiera ttipi batzuetan biltzen dituztenak. Hanna, Joseph eta Lili juduak dira, eta herio zelai nazietara igortzen dituzte, eta han hiltzen dira. Gitta Mallasz, berriz, Frantziara ihes egiten du, eta solas horiek argitaratuz. Izpirituzko esperientzia berezi bat da liburuak kontatzen duena. Liburu mistiko bat bezala ikus daiteke, edo, bestela erranik, «gogoeta liburu ederra da», Luzien Etxezaharreta Maiatz argitaletxeko arduradunaren hitzetan, heriotzaren aitzinean batzuk hunkitzen ahal dituenak agian.

Hirugarren liburu berria, escrivans / idazle du Maiatzek. Per Noste argitaletxe okzitanoarekin elkarlanean argitaratu duena. Antologia bat izan gabe, gaur egungo euskarazko eta gaskoierazko idazketaren irudi orokor bat erakusteko xedez egina dute. Mota guztietako testuak elkartu dituzte, bi hizkuntzatan jarriz. Bi kulturen arteko ezjakintasunari gaina hartzeko asmoa ere bada beste bat, eta, bide batez, alde bateko zein besteko idazleak ezagutaraztea. 20 autoreren testuak irakur daitezke.

Azken proposamena, Maiatz aldizkaria bera da. 51. zenbakia. Gero eta geografia eremu zabalagoa daukan hedapeneko aldizkaria da, bertan idazten duten idazleen kokapen geografikoaren aldetik. Leire Zubeldia, Auxtin Zamora, Ramuntxo Partarrieu, Luixa Giltzu, Amaia Iturbide, Itxaro Borda, Eñaut Etxamendi, Joseba Felix Tobar-Arbulu dira idazkien egile batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.