Bost urteren ondoren, Itxaro Bordak (Baiona, 1959) Amaia Ezpeldoi detektibearen abenturak berreskuratu ditu berriro ere. Boga Boga (Susa) da idazleak Ezpeldoiri eskainitako azken lana; gaur goizean aurkeztu du, Donostian.
Lapurdiko kostaldean kokatu du istoria Bordak. Baiona-Miarritze errugbi partida ikusten ari dela, gizonezko bat gerturatuko zaio Ezpeldoiri, haren arrebaren desagerpena iker dezan eskatuz. 1985ean desagertu zen Jana Elgebeltz arreba, Baionako Santizpiritu zubian. Hortik abiatu du nobela Bordak.
Gaurko prentsaurrekoan azaldu duenez, Ipar Euskal Herria "azken 30 urteetan kultura eta politika arloan" nola aldatu den azaldu nahi izan du idazleak, eta pertsonaia horren bitartez, "indibidualki nahiz kolektiboki" Euskal Herriaz hitz egiteko aukera duela nabarmendu du.
Alemanian idatzi du nobela, Wiesbaden hirian.
Honakoak dira aurretik detektibeari eskainitako lanak: Bakean ützi arte (Susa, 1994), Bizi nizano munduan (Susa, 1996), Amorezko pena baño (Susa, 1996) eta Jalgi hadi plazara (Susa, 2007).