Mugen gaindi zubiak eraikitzeko aldarria, ameslari zutitzeko asmoa, azaltzen du Ken Zazpik Ortzemugak begietan lan berriko lehen kantuan, Hegoak astindu izenekoan: «Itzali ezin diren argiak gara, isildu nahi dituzten ahotsak gara», borobiltzen du abestiak. Nora iritsiko diren ez dakite, baina aro berri baten aurrean daudela sentitzen dute. Aro berri baten aurrean taldea bera, eta aro berri baten aurrean Euskal Herria ere. Ez dakite nora eramango dituen aro berriak, baina begirada ortzemugan jarri dute Ken Zazpiko taldekideek. Itxaropena eta baikortasunari erdiz erdi helduta osatu dute lan berria. «Aurrera begiratzeko desio bat» islatzen du lanak, Eñaut Elorrieta taldeko kantariaren hitzetan: «Itsasoa, zerua eta egunsenti bat irudikatzen genituen, eta irudi hori norbaiten begietan edo begiradan».
Bi urte eta erdi behar izan dituzte Eñaut Elorrietak (ahotsa), Igor Artzanegik (baxua), Jon Freskok (bateria), Iñaki Zabaletak (teklatuak), Beñat Sernak (gitarrak, mandolina eta banjoa) eta Jon Mikel Arronategik buruan zuten ideia hezurmamitzeko. Argiak (2007) aurreko lana amaitzean garbi izan zuten hurrengorako denbora gehiago baliatuko zutela: «Ahalik eta baldintza onenetan lan egiten saiatu gara. Asko mimatu dugu prozesu bakoitza, sorkuntza prozesua, grabaketa prozesua eta produkzioa ere bai».
Lan berriak 10 kantu ditu, eta bi multzotan grabatu zituzten. Lehen bostak Muxikako (Bizkaia) Muxik-On estudioetan grabatu zituzten, 2009ko abuztuan, eta Usurbilgo (Gipuzkoa) Hi Gain estudioetan beste bostak, 2010eko abuztuan. «Zaila izaten da merkatuaren zurrunbilotik ihes egitea, baina saiatu gara merkatuak ahalik eta gutxien baldintza zezan gure lana», esan du Elorrietak, Elkar etxeak Donostian duen estudioetan egindako aurkezpenean. Zazpi urte zuzenean diskoa plazaratzeko Argiak zigilua sortu zuen taldeak. Ortzemugak begietan Elkarrekin batera, edizio partekatuan, plazaratu dute. «Autoekoizpenean eta guk geuk egindako lanean sinesten dugu, baina, une jakin batzuetan elkarlanean aritzea ere beharrezkoa da», zehaztu du Elorrietak.
Bi fasetan grabatu zituzten kantuak, eta bi aurpegi ditu diskoak bere osotasunean ere. Itsasoa izan dute begi-miran aldioro diskoa osatzeko orduan, eta kantuak olatuen modukoak dira sarri. «Badira momentu oso indartsu eta gogorrak, eta badira lasaialdiak. Horrek dinamika bat ematen dio lanari».
Soinu olatuak
Power poparen eta gitarra geruza desberdinez osatutako rockaren aleak dira Hegoak astindu,Utzi nazazu, Teloia jaisten denean ...eta azkenak hasiera, esaterako, nahiz eta kantuek beraiek ere zati desberdinak (goi eta beheak) dituzten kasurik gehienetan-U2ren oihartzuna badago, batez ere, The Edgeren gitarra jotzeko modua gogora dakarten pasarteetan, edota Coldplayrena, kantuen egituretan eta gitarra geruzen bitartez sorturiko soinu hormetan-. Erritmo ertaineko pop melodiak dituzte hezurdura nagusi, aldiz, Ihes betean edota Joserra Senperenaren piano goxoak gidaturiko Hemen gaude kantuek. Disko osoari atmosfera berezi bat eman diote Senperenak jotako piano, teklatu eta sekuentziek.
Letretan ere bi multzo ditu diskoak. Lehen bost kantuetako letrak taldekideek sorturikoak dira. Ohikoa duten eran, ez dute gertakizunen kronikarik egin. «Guri eta ingurukoei gertatzen zaienak sortzen dizkigun sentipen eta emozioak azaldu ditugu, ahalik eta zintzoen. Badira kantu existentzialak, badira maitasun kantuak, Euskal Herriko egoeraz hitz egiten dutenak...».
Diskoko seigarren kantutik hamargarren kantura bitarteko hitzak, aldiz, beste egile batzuenak dira. Joseba Sarrionandiarenak dira Hemen gaude -Gartzelako poemak liburutik hartua- eta Giltzak. Julen Gabiria idazleak idatzi du Espainiako Gerrako hobi komunei buruzko Bala bat lurpean, eta Maialen Lujanbio eta Jon Maia bertsolarienak dira ...eta azkenak hasiera eta Itsaso gara, hurrenez hurren. Gainera, Uxue Alberdi bertsolari eta idazleak koroak sartu ditu Hemen gaude-n, eta Cheche Alara musikari argentinarrak teklak eta sekuentziak erabili ditu kantu askotan.
Aurreko lanak baino «orekatu eta helduagoa» da Ortzemugak begietan, Beñat Serna gitarra jotzailearen ustetan: «Ñabardura asko ditu. Tinbre eta tonu desberdinak bilatzen saiatu gara». Horretarako mandolina eta banjoa ere erabili ditu Sernak.
Argiak diskoan egin bezala, Rafa Sardina ekoizlea izan dute lagun produkzio lanerako: «Lehen aldian elkar ezagutu genuen, eta oraingoan motibazio bat gehiago izan da berriro berekin lan egitea. Edozein moduz, gu burugogorrak gara, eta estudiora abestiak nahiko landuak eta ia itxiak eramaten genituen».
Zuzeneko lehen kontzertua Durangoko Plateruena aretoan emango dute, abenduaren 4an.
Itzali ezin diren argiak
'Ortzemugak begietan' kaleratu du Ken Zazpik, aro berri bati eta itxaropenari ateak zabaltzen dizkion lana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu