Itziar Laka (Bilbo, 1962) eta eta Jabier Kaltzakorta (Markina, 1961) euskaltzain urgazleak euskaltzain oso bihur daitezke. Izan ere, Jose Luis Lizundia euskaltzain emerito bihurtu zen iragan apirilaren 26an, Euskaltzaindiaren osoko-bilkuran, eta hark utzitako postua beteko du bietako batek.
Bozketa uztailaren 19an egingo dute Bilbon, eta bietako batek gehiengo osoa lortuko balu soilik lortuko luke euskaltzain oso bihurtzea. Pello Salaburu, Miren Azkarate, Patxi Goenaga eta Beñat Oihartzabal euskaltzainek proposatu dute Laka, eta Kaltzakorta, berriz, Adolfo Arejita, Xabier Kintana, Patxi Uribarren eta Andres Urrutiak.
Laka Euskal Filologian lizentziatua da (1986), eta 1990ean doktoregoa lortu zuen Massachussettseko Teknologia Institutuan (AEB), Ezezkoa sintaxian: kategoria funtzionalen eta proiekzioen izaeran doktore tesiarekin. 2003an izendatu zuten Laka euskaltzain urgazle, eta ordutik Euskaltzaindiaren Gramatikaren Komisioko kide da. 2009az geroztik, irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Gogo Elebiduna talde ikerketaren gidaria da. Nazioarteko unibertsitateetan eskolak eman ditu Lakak, adibidez, New Yorkeko Rochesterreko Unibertsitatean: bertako irakaslea izan zen 1990 eta 1995 artean.
Kaltzakortak, berriz, Filosofia eta Letretan lizentziatu zen 1984an, eta Euskal baladen corpuserako edizio kritikoa doktore tesia bukatzear da. 1994az geroztik, Deustuko Unibertsitateko irakaslea da, eta Ahozko Literatura, XVI-XIX mendeen arteko Euskal Literatura eta Euskara eta hizkuntza modernoak ikasgaietan. 1996az geroztik da Kaltzakorta euskaltzain urgazlea, baita Euskaltzaindiaren Herri Literaturaren komisioko kide ere. 2009az geroztik, Auspoa taldeko kidea da, eta Labayru Institutuan ikertzaile aritzen da. Etniker Euskalerria elkarteko kidea da, baita Mendebalde Kultura Alkartea erakundekoa ere, beste lagun batzuekin sortu zuena.