Arabako Arkeologia Museoak badu arduradun berria: Itziar Ruiz de Erentxun. Gaur arratsaldean jakin da albistea. Naipes Gasteizko Museoko teknikariburu izan da 2007ko maiatzetik Ruiz de Erentxun. Hilaren 26tik aurrera Bibat izena hartuko du Arkeologia Museoak.
Veleiako ustezko aurkikuntzak aztertzeko osatu zen adituen batzordeak lehen biktima eragin zuen atzo: Lorena Lopez de Lacalle Arabako Kultura diputatuak Amelia Baldeon Arkeologia Museoko arduraduna kargutik kendu zuen. Aurrerantzean, Baldeon Armen Museoko teknikari arduraduna izango da.
Baldeon kritiken jomuga izan da azken hilabeteotan; hain zuzen ere, Veleiako aferaren xehetasun guztiak ezagutzen hasi direnetik. Arabako Biltzar Nagusietan otsailaren 16an egindako agerraldian, Lopez de Lacalle Kultura diputatuak gaitzetsi egin zuen teknikariaren lana, eta aferaren beraren lehen erantzule bilakatu zuen. Lopez de Lacallek azaldu zuenez, Joakin Gorrotxategi hizkuntzalariak, grafitoen berri zuzena izan eta berehala, zalantzak eta kezkak agertu zizkion Baldeoni eskutitz batean, baina teknikariak gutuna gorde eta ezkutatu egin zuen. Lopez de Lacallek nabarmendu zuen eskandalua bera erabaki horren ondorioz hazi zela. Baldeonek erantzukizun oro ukatu eta bere nagusiengana bideratu ditu kritikak. "Erantzukizunak hartu behar baldin baditut, laugarren tokian hartuko ditut", esan izan du.
Kargutik kentzeko dekretuak herenegungo data du, eta Armen Museoko izendapen berria datozen egunotan sinatuko dute.
Armen Museoa 60ko hamarkadan eratu zuten, Felix Alfaro Fournierren bilduman oinarrituta, eta garai eta estilo guztietako armak biltzen ditu bilduman.
KulTURA
Itziar Ruiz de Erentxun jarri dute Arabako Arkeologia Museoko arduradun
Veleiako afera dela-eta, atzo Arabako Kultura diputatuak kargutik kendu zuen Amelia Baldeon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu