Literatura

Ixiar Rozasek "poesia, saiakera eta dokumentala" batu ditu

'Beltzuria' liburua “ahotsaren espazio politikoaren eta estetikoaren inguruko gogoeta” da, “bizitzako istorio batzuek zeharkatua". 

Ixiar Rozas, artxiboko irudi batean. IMANOL OTEGI, ARGAZKI PRESS
Juan Luis Zabala
2014ko urriaren 15a
16:02
Entzun

“Poesia, saiakera eta dokumentala” batzen dituen liburua da Beltzuria (Pamiela), haren egileak, Ixiar Rozas idazleak (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1972), adierazi duenez. Hondartzan paseatzen ari den emakume baten irudiarekin eta ahotsarekin hasten da. Ondoren, hortik abiatuta, beste emakume batek Etxalarrera (Nafarroa) jotzen du, bi bilaketak hartaratua: aitona bertsolariaren “ahotsaren aztarna fisikoren bat” bilatu nahi du batetik; “beltzuria hitzaren erresonantzian”, desagertzear dauden hitzen arrastoak bestetik.

Bi bilaketa horietako pasarteak dokumentatzen ditu liburuak. Bertsolaria Franzisko Elizalde Xamuio etxalartarra da, Rozasen aitona zena. Bilaketei ekiten dieten emakumea, berriz, Rozas bera.

“Ahotsaren espazio politikoaren eta estetikoaren inguruko gogoeta dago liburuan, eta horretarako bizitzako istorio batzuk zeharkatzen ditut liburuan”, esan du Rozasek. Hamar urte darama Rozasek ahotsa ikertzen, eta Beltzuria “beste urrats bat” da ikeketa horretan. "Pentsamenduan beti gailendu da hitza", Rozasen aburuz. "Hitzaren eta esanahiaren erreinuak itzala egin dio ahotsari. Hitzak ahotsa ilundu du. Esanahiak ahotsa kendu dio hitzari, haragia, gorputza ezabatu dio. Esanahiaren erreinuan hitza ez da eztarritik irteten, ezta gorputzaren tolesduretatik ere. Eta ahotsa orokortasunez izan da begiratua, ulertua, ikertua. Bakartasuna, besteekin bakarrak egiten gaituen bakartasuna, alboratua izan da, ertz batean geratu da".

Hilaren 25ean, irakurketa Kaxildan

Datoirren asteko larunbatean, hilaren 25ean, Beltzuria liburua irakurketa baten bitartez aurkeztuko du Rozasek, Kaxilda liburudendan, 19:00etan, Maite Arroitajauregi Mursego, Idoia Zabaleta, Harkaitz Cano, Miren Elizalde eta Bigararekin batera.

Duela zortzi urte kaleratu zuen Rozasek orain hurrengo bakarkako liburua, Negutegia nobela (Pamiela, 2006). Aurretik, narratiba arloko beste bi iburu nagusi zituen agitaratuak: Edo zu edo ni (Erein, 2000) eleberria eta Sartu, korrontea dabil narrazio bilduma (Erein, 2001). Horiez gain, bakarkako beste hiru liburu ditu argitaratuak: Patio bat bi itsasoen artean (Arabako Foru Aldundia, 2001) poema liburua, Korronteak ipuina (Kutxa, 2001) eta Gau bakar bat antzerki lana (Hiru, 2004).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.