Donostia 2016ren Fundazioaren patronatuko presidente Juan Karlos Izagirrek leporatu dio Eusko Jaurlaritzari, Europako Kultur Hiriburutzaren alde «sendo eta tinko» agertzeko aukera galdu duela. Patronatuak hizkuntza gutxituen inguruko goi bilera bat antolatzeko Kontseiluarekin sinatutako hitzarmenaren kontra helegitea jarri zuen joan den hilaren 11n patronatuko kide batek, Espainiako Kultura Ministerioak. Eta Jaurlaritzak babesa eman dio helegiteari.
Patronatuko kide guztiak bildu ziren atzo Donostian —Donostiako Udalak hiru ordezkari ditu, Gipuzkoako Diputazioak eta Jaurlaritzak bina, eta Espainiako Kultura Ministerioak bat— , jarritako helegiteari buruz hitz egiteko. Behin batzarra bukatuta Izagirrek komunikabideen aurrean adierazitakoaren arabera, eskatu zitzaion Ministerioari salaketa kentzeko (bozketan gehiengoak hala erabaki zuen), baina Ministerioak, Jaurlaritzaren babesarekin, uko egin dio, eta aurka bozkatu zuen atzo. «Helegiteari eusten diotela ikusita, horri juridikoki aurre egitea erabaki dugu», nabarmendu zuen Izagirrek, atzo, 21:40ean, bilera hasi eta hiru ordu geroago —Kultura Ministerioko ordezkaria 19:55ean atera zen—. Patronatuak hogei egun dauzka, Ministerioak Donostiako lehen auzialdiko epaitegian jarritako helegiteari alegazioak aurkezteko.
Izagirrek gogoratu zien Jaurlaritzari eta ministerioari gauza bat dela erabaki baten aurka bozkatzea «eta hori justifikatzea», baina beste bat, zeharo ezberdina, patronatuko kide batek patronatua bera auzitara eramatea. «Hori desleialtasun ezohikoa da».
Joxean Muñoz Jaurlaritzako sailburuordea ere mintzatu zen bilkuraren ostean.«Aukera garrantzitsu bat galtzen ari gara 2016 adostasunaren eta elkarlanaren gainean egiteko, eta penagarria eta kezkagarria da arrakalarik handiena euskararen inguruko proiektu batek sortu izana, hain zuzen». «Goi bileraren proiektu hau da beste modu batez egin dena. Beste kasu guztietan talde teknikoak proiektuak planteatu ditu, eta administrazio kontseiluak onartu, ondo irudituz gero. Kasu honetan, ordea, zuzendaritzarik ez zegoen batean alkateak eta EH Bilduk esan diote talde teknikoari: 'Hau egin behar duzu, eta jende honekin egin behar duzu'».
Jaurlaritzak «proposamen zehatz bat» egin zuela ekarri zuen gogora: «Honelako bilkura bat oso interesgarria da gure ustez. Egin dezagun Kontseiluarekin, baina ez bakarrik Kontseiluarekin. Egin dezala Kontseiluak, baina ez Kontseiluak bakarrik. Herri honetan lanean ari den eta Europan sareak dituen jende asko dago. Unibertsitatea dago, Euskaltzaindia dago… Zergatik Kontseilua bakarrik? Gu ez gaude hemen Kontseiluari protagonismoak kentzeko, baina ezta emateko ere».
Kontseiluak aurkeztu duen proiektua «gordina eta duintasunik gabea» iruditu zaio, «beste eragile guztiak kontuan hartu gabe» diseinatua delako. «Elkarlanaren pistatik kanpo ibiltze hori penagarria iruditzen zait». Auzia birbideratzea zaila iruditzen zaio, ez duelako udalaren eta aldundiaren aldetik «adostasunik ezaren inguruko kezkarik» sumatzen, baina Jaurlaritzak, «kostata bada ere», Donostia 2016aren eta kulturaren alde lanean segituko duela adierazi zuen.