Musika

Izaro, Larkin Poe, Les Amazones d'Afrique eta North Mississippi Allstars ariko dira Donostiako Jazzaldian

Zurriolako hondartzako Keler gunean ariko dira doako kontzertuetan. Merina Gris, Shinova, El Columpio Asesino eta Chill Mafia ere agertoki horretan izango dira.

Larkin Poe AEBetako taldea lehenengo egunean ariko da Keler gunean. ERIC RYAN ANDERSON
Larkin Poe AEBetako taldea lehenengo egunean ariko da Keler gunean. ERIC RYAN ANDERSON
mikel lizarralde
2024ko martxoaren 19a
13:10
Entzun

Azken urteetan bezala, aurten ere Zurriolako hondartzako Keler guneak hartuko ditu Donostiako 59. Jazzaldiko emanaldirik jendetsuen eta heterogeneoenak. Uztailaren 24tik 27ra zortzi kontzertu jasoko ditu gune horrek, eta, ohi bezala, jazzetik kanpo kokatzen diren estiloetako proposamenak eskainiko ditu. Hain zuzen ere, hainbat euskal artista —Izaro, Merina Gris, El Columpio Asesino, Shinova eta Chill Mafia— igoko dira Zurriolako oholtzara, eta baita nazioarteko beste hainbat artista ere: Larkin Poe, Les Amazones d'Afrique eta North Mississippi Allstars.

Donostiako Jazzaldiaren lehenengo egunean, 24an, Larkin Poe eta Izaro ariko dira Keler gunean. Rebecca eta Megan Lovell ahizpek osatzen dute Larkin Poe, eta oso gaztetatik erakutsi zuten AEBetako sustraidun musiken inguruko zaletasuna. Lehendabizi The Lovell Sisters talde akustikoa sortu zuten Jessica ahizparekin batera, eta, 2010az geroztik, Larkin Poe izen artistikoarekin jardun dute. Blood Harmony-k, taldearen azken diskoak, bikotearen ezaugarriak biltzen ditu, eta bertan bluesa, gospela, bluegrassa eta rocka batzen dira. Hain zuzen ere, lan horrekin blues garaikideko album onenaren Grammy saria eskuratu berri dute.

Egun berean Izaro ariko da Keler gunean. Orain dela gutxi Kursaaleko auditoriuma bi aldiz bete ondoren, kantaria Donostiara itzuliko da Jazzaldian Cerodenero diskoa aurkeztera.

Uztailaren 25ean bestelako doinuak entzungo dira Zurriolako hondartzan. Lehendabizi Merina Gris igoko da agertokira, taldeak berak «pop bortitza» deitu duen proposamena aurkeztera, eta, ondoren, Shinovaren txanda izango da. Berrizen (Bizkaia) sortutako taldea da Shinova, eta dagoeneko indie-rockaren esparruan kokatzen diren zazpi disko argitaratu ditu; horietako azkena, El presente atera berria.

Emakumeen eskubideak

Hurrengo egunean, Les Amazones d'Afrique taldeak zabalduko ditu Keler guneko kontzertuak. Afrikako hainbat herrialdetako emakumeek osatzen dute taldea, eta 2014an jarri zuten abian, Malin, musikaren bitartez emakumeen eskubideak defenditzeko asmoz. Gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren eta antzinatik datorren indarkeria desagerraraztearen aldeko kanpaina egitea da haien motibazio soziopolitikoa, taldekideek beraiek azaldu dutenez. Horretarako, musika boteretsu eta melodikoa egiten dute, estilo panafrikarrak eta pop harmonia garaikideak uztartuta. Garapen handia erakutsi dute, gainera, euren lanean, eta taldearen azken diskoa (Musow Danse, 2022) da horren erakuslea: hip-hopa, trapa eta musika elektronikoa gehitu dizkiote euren proposamenari.

Ondoren, berriz, El Columpio Asesino Iruñeko taldeak joko du hondartzan. Hogei urte egin ditu taldeak nortasun handiko indie-popa egiten, eta aurten iragarri du desegingo dela. Hain zuzen ere, jazzaldiko kontzertuak taldearen diskografia osoa errepasatzeko beta emango du.

Zurriolako kontzertuak 27an amaituko dira, North Mississippi Allstars eta Chill Mafiaren kontzertuekin. Jim Dickinson ekoizle eta musikariaren seme Lutherrek eta Codyk sortu zuten North Mississippi Allstars, 1996an, eta, orduz geroztik, AEBetako sustraidun musikari lotuta egin dute ibilbidea. Bluesa, soula, folka, rock psikodelikoa, jazza eta bestelako musikak uztartu dituzte orain arte argitaratutako hamahiru diskoetan, eta, horretaz gain, Dickinson anaiek beste hainbat artistarekin ere lan egin dute: Mavis Staples, John Hiatt, Charlie Musselwhite, Tedeschi Truck Band, Black Crowes, Otha Turner... Luther Dickinsonekin(gitarra, ahotsa) etaCody Dickinsonekin batera(bateria, ahotsa), Carwyn Ellis musikari galesa (Colorama) ariko da zuzenean baxuarekin.

Keler guneko kontzertuak Chill Mafiaren emanaldiarekin amaituko dira. Iruñeko kolektiboa Euskal Herriko musika panoramaren ordezkari ezagunenetakoa bilakatu da denbora gutxian, bai zuzenean erakutsi duen indarragatik, bai kaleratu dituen kantuekin, eta hainbat jaialdi handitan parte hartu du.

Kursaaleko terrazetako eskaintza

Donostiako Jazzaldiak jaialdiaren lehenengo egunean Kursaaleko terrazetan ariko diren artistak ere iragarri ditu. Honako hauek izango dira: Bigyuki, Tomoaki Baba, Marcin Masecki, Lakecia Benjamin, Eddie Henderson eta Carolina Katum.

Aurretik iragarriak zituen jazzaldiak aurtengo programazioko beste hainbat artistaren izenak: Diana Krall, Marco Mezquida, Marisa Monte, Silvia Perez Cruz, Rufus Wainwright, William Parker Duo, Potter / Mehldau / Patitucci / Blake, Youn Sun Nah, John Zorn, John Scofield-Dave Holland Duo eta beste izango dira Donostian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.