Izarrik ezean, obratzarrak

Arkaitz Mendoza.
2009ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Krisia dela eta, Kultura Sailak diru etekin gutxiago jaso du maila esanguratsuko ekitaldiak antolatzeko. Kasu honetan, Donostiako Musika Hamabostaldiak hogei bat kontzertu murriztu behar izan ditu bere egitarauan, kalitatea alboratu gabe; hori da behintzat antolatzaileen helburua. Lau konpositore handien urteurrenak betetzen dira, eta horrek plangintza jakin bat baldintzatu du antolatzaileen asmoetan. Haendel, Haydn, Mendelssohn eta Albenizen obrarik handienak entzungo dira; bakoitza garai ezberdineko aitzindari izanik, musika estilo bereizgarriak entzuteko aukera izango da.

Auditorium handietan, bai Kursaalean bai Viktoria Eugenian, gaur egungo orkestra gazterik aipagarrienak -Barenboimek israeldar eta palestinarrez osaturikoa eta Gustav Mahler Jugendorchester- eta euskal bi opera -kontzertu erara- eskainiko dira: Usandizagaren Enarak eta Escuderoren Gernika. Obrei erreparatuz, La Fura dels Bausen Carmina Burana eta Faureren Requiem nabarmen ditzakegu.

Ahots bakarlarietan, kontratenorren urtea da: Andreas Scholl famatuak, Bejun Mehtak eta Carlos Mena gasteiztarrak garai batean hain bitxi eta arraroa izandako ahotsen zergatia eta trikimailuak hurbilduko dizkigute. Albenizen Suite Iberia obratzarrak pianista handiak ekarriko ditu Donostiara: hara hor Maria Joao Pires, Katia eta Marielle Labeque ahizpak, Marta Zabaleta, Rosa Torres Pardo, Josep Colom eta Fernando Perez.

Egitarau luze eta mamitsu horretan begirada azkar bat egin eta gero, aholku edo interesgarri izango diren gomendio batzuk mahai gainean uzten dizkizuet: Kursaalean, Haydnen Kreazioa, Haendelen Israel Egipton opera eta Musika Hamabostaldiari amaiera emango dion Faureren Requiem, beti hor dugun Donostiako Orfeoiarekin; Mikel Laboari eskainitako omenaldia; Ravelen piano obra osoa Roger Muraroren eskuetan; eta Carlos Menaren ahots eztitsua aukera finak izango dira uda honetako arrats beroak plazer handiz disfrutatzeko. Abenturazaleentzat ibilaldiak antolatu dira Albeniz musikagilearen inguruan: Kanbora Iberia obraren emanaldiarekin eta Miarritze eta Ziburura Landarbaso abesbatza eta Alexandre Tharaud pianistarekin.

Izar handiak etorriko dira, bai, baina honakoan goza itzazue obra handiak, aurtengo jaialdian musika klasikoan funtsezko ardatz diren obra mordo asko entzuteko aukera azalduko zaigu eta. Utz ditzagun izar handien behin-behineko fama hotsak eta gera gaitezen melodien barne altxorrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.