Erdi-lo, autoan gidari, geldiarazi egin dut zuhaizpean, bide bazterrean. Atzeko aulkian uzkurtu eta loak hartu nau. Zenbat denbora? Orduak. Amildu egin da iluntasuna.
Bat-batean esnatu eta ez dut neure burua ezagutu. Esna nago baina horrek ez du laguntzen. Non nago? Nor naiz? Atzeko aulkian iratzarri den zerbait naiz, zirkin egiten dut izu-ikaraz, katu batek poltsa barruan bezala. Nor?
Azkenik, badator nire bizitza bueltan. Aingerua bailitz iritsi da nire izena. Hormen bestaldean tronpeta soinua, urrats salbatzaileak datoz azkar, azkar-azkar, eskailera luzeegian behera. Neu naiz! Neu naiz!
Baina ezinezkoa zait burutik kentzea ahanzturaren infernuan borrokan ibilitako hamabost segundo horiek, argiak piztuta aurrera jarraitzen zuten autoen errepidetik metro gutxi batzuetara.
PROSAZKO POEMA
Jatorrizko hizkuntza: suediera.
Itzulpena:Kirmen Uribe.
Aurkezpena: Kasu honetan, oraindik paperean argitaratu gabeko itzulpena da hautatutako pasartea, Kirmen Uribek egina eta Susa argitaletxeak Literatur Emailuak albistegi elektronikoaren 507. zenbakian eta Euskarari ekarriak gunean sarean irakurgai jarria (http://ekarriak.armiarma.com/zizkak/?transtromeruribe001 helbidean), egile beraren beste zazpirekin batera, Zeru amaitu gabea eta beste poema batzuk izenburupean. Transtromerrek —literaturako Nobel sariaren aurtengo irabazleak— Mörkerseende (Gaueko ikuspegia) liburuan argitaratu zuen Izena prosazko poema, 1970ean. Oraindik ez dago Tomas Transtromerren poema liburu osorik euskaratuta, baina, ezeren okerrik ez dela bederen, datorren urtean kaleratuko da lehena, Jokin Zaitegi bekaren bidez Nobel sariaren azken irabazlearen liburu baten itzulpena sustatzen baita, eta bekaren irabazleak egindako itzulpena Elkar argitaletxeak kaleratzen baitu ondoren (informazio gehiago: www.elkarargitaletxea.com/jokinzategi).
Literatura. Pasarte hautatua. Tomas Transtromer
'Izena'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu