Bilbo Zaharra Forumak datozen asteetarako onduriko egitarauak literatura eta musika uztartuko ditu, ostera ere. Xabier Euzkitze kazetaria eta Joxan Goikoetxea musikaria izan ziren Hitza eta musika topaketei hasiera ematen lehenak, joan den astean. Eta hurrenak Jabier Muguruza eta Iñaki Irazu izango dira, gaur. Idazle gisa badu eskarmentua Muguruzak, baina batez ere musikaren alorrean egin du bidea. Hala, Bilbo Zaharra Forumeko saioan musikari helduko dio batik bat, eta Iñaki Irazuren poemak lagunduko ditu, hartarako aproposak diren doinuez eta kantuez.
Jean Mixel Bedaxagarrek eta Anjel Valdesek musikak bil ditzakeen askotariko hitz eta istorioen berri emango dute, hilaren 11n. Bedaxagarrek gutxik bezala ezagutzen ditu Auñamendiko kondairak eta sinbologia. Eta Valdesek lotura estua izan du musikarekin hainbat urtetan. Gazterik ekin zion perkusio tresnak jotzeari, eta M-ak taldearekin bost disko kaleratu zituen. Esan Ozenki diskoetxearen sortzaileetako bat izan zen, eta, gaur egun, Elkar diskoetxeko editorea da.
Amaia Zubiria eta Felipe Juaristiren txanda izango da hilaren 18an. Literaturak eta musikak berezko dituzten gaiez jardungo dute Bilbon, hala nola maitasunaz, galeraz, malenkoniaz eta herriminaz, batzuetan poemak errezitatuz, besteetan abestiak kantatuz.
Atxaga eta 'Erlea'-ko taldea
Bernardo Atxagak itxiko du Hitza eta musika topaketen egitaraua, abenduaren 2an. Euskaltzaindiak 2009ko urriaz geroztik kaleratzen duen Erlea aldizkariaren zuzendaria da Atxaga, eta argitalpen horren inguruan, idazle eta artista talde garrantzitsua bildu ohi du. Hirugarren zenbakia bihar aurkeztuko du Donostian, eta bertan jorraturiko gaiak eta lanak izango ditu hizpide idazleak.
Euskaltzaindiko Bilboko egoitzan izango dira saio guztiak, 19:00etan hasita. Eta, ohikoa denez, sarrera doakoa izango da.
Jabier Muguruza eta Iñaki Irazu izango dira gaur Bilbo Zaharra Forumean
Jean Mixel Bedaxagar, Anjel Valdes, Amaia Zubiria eta Felipe Juaristik ere egingo dituzte emanaldiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu