Diskoari izena ematen dion Bikote bat kantuaren bideoklipa behar bezala ez entzuteak Jabier Muguruzaren aldarte ona, «ia euforikoa», amiñi bat mikaztu zuen atzo goizeko aurkezpenean. Ikus-entzunezko piezaren soinuarekin arazoak izan ziren, eta diskoanbolumen jolasek, isiltasun eta pausek, tempoaren gorabeherek duten garrantzia behar bezala ezin antzeman izanak aurpegiera histu zion musikariari, une batez. «Pianoaren eta ahotsaren arteko etengabeko jolas hori diskoan oso ondo antzematen da», adierazi zuen berriro ere irribarrea aurpegiratu ondoren.
Tessa Andonegik eta Joseba Apaolazak jokatu dituzte kantu horretako emakume eta gizonaren rolak bideoklipean. Biak isilik, gizona pentsakor denean eskua kokotsean jarrita; emakumea, berriz, leihotik begira. Isiltasunen jolasa hor ere. Muguruzaren eskusoinua eta ahotsa, eta Mikel Azpirozen piano sotil, klasiko eta fina gidari. Harkaitz Canorenak dira kantuko hitzak. Idazle donostiarraren Literatura eta Zinema liburuko pasarte batetik atera zuen ideia Muguruzak.
Ez zion irribarreari alde egiten utzi ordutik aurrera. Kontent zegoen, eta hitzez nola keinuez adierazi zuen. Baita janzkeran ere. «Ezkontzetara joaten naizen modura etorri naiz aurkezpen honetara ere, americana zuria jantzita. Obra berri bat aurkeztera nator, eta niretzat oso egun pozgarria da».
Bikote bat bere bakarkako ibilbideko hamaikagarren diskoa kaleratzeak poza ematen dio Muguruzari, baina, ez horrek bakarrik, egindako lanarekin gustura egoteak ere bai. «Orain artean egindako apusturik erradikalena da ziur aski. Musika estandarretik, hizkuntza indartsuenetatik urrun, oso-oso modu biluzian eskaintza zuzen bat plazaratzen saiatu gara».
Kolaborazio andana
Apustu erradikal hori hezurmamitzeko Mikel Azpiroz aspaldiko musikari adiskidea izan du ezinbesteko makulu eta sostengu. Lehenago ere harekin lan egindakoa da Muguruza (Fiordoan, eta Hain guapa zaude diskoetan parte hartu zuen). Kantu guztiak Muguruzak sortuak dira, Azpirozek berak sorturiko Jolasean pieza instrumental laburraren salbuespenarekin. Elkarren arteko ezagutza eta harreman pertsonala oso garrantzitsua izan da lanketa prozesuan. «Oso naturala izan da. Lehenagotik ezagutzeak asko laguntzen du. Jabierren fraseo berezi horretara, isiluneetara, pausetara egokitzea da gakoa. Niretzat oso aberasgarria izan da artistikoki eta pertsonalki», azpimarratu zuen Azpirozek.
Azpirozen parte hartze erabakigarriaz gain, hamaika kolaborazio izan ditu Muguruzak Resistencia zigiluarekin kaleraturiko lan berrian. Canok idatzitakoaz gain, Iñaki Irazu, Bernardo Atxaga, Gerardo Markuleta, Lourdes Oñederra, Jose Luis Padron, Rikardo Arregi Diaz de Heredia eta Javier Rodriguez Marcos poeta espainiarrarenak dira gainerako kantuetako hitzak. Gainera, beste askotan bezala, Mireia Otzerinjauregiren ahotsak jarri dio kontrapuntua Muguruzarenari, eta Jackson Browne musikari estatubatuarrak ahotsa sartu du Lausoa kristalean kantuan.
Woody Allenek ez bezala,—«hark atzera ez duela begiratzen dio, lana egiten duela bakarrik, baina Allenek gezur asko esaten ditu»—, igarotakoaren balantzea egiten duela dio Muguruzak («agian ez nuke egin beharko»), eta bere bakarkako ibilbidearekin «harro» dago: «Obra osoak koherentzia bat duela uste dut, eta egindako apustu estetikoarekin gustura nago».
Apustu estetiko muturreko hori zuzenekoetan «inoiz baino fidelago» agertuko du Muguruzak.Zuzeneko aurkezpena Donostian egingo du, Lugaritz kultur etxean, azaroaren 4an. Disko berria joko du goitik behera.
Jabier Muguruza: «Nire ibilbide osoko apustu erradikalena da»
Muturreko biluztasunez ehundu du 'Bikote bat' lan berria, sostengu nagusi Mikel Azpirozen pianoa izan duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu