Cannesko zinemaldia

Jacques Audiarden 'Dheepan' filmak eraman du Cannesko Urrezko Palma

Laszlo Nemes hungariarraren lehen filmari, Saul fia-ri, eman diote Epaimahaiaren Sari Nagusia.

Jacques Audiard zinema zuzendaria. EFE
2015eko maiatzaren 24a
23:32
Entzun

Zinemagile frantses baten lana saritu du Canneseko 68. zinema jaialdiak: Jaques Audiarden Dheepan lanari eman dio Urrezko Palma Coen anaiek buru duten epaimahaiak. Tamil gerrilari baten istorioa ondu du Audiardek, eta hari esker eraman du jaialdiko sari garrantzitsuena aurrez Epaimahaiaren Sari Nagusi bat eta gidoi onenaren beste bat irabazitakoak. Epaimahaiaren Sari Nagusia, berriz Laszlo Nemes hungariarraren opera prima-k jaso du, Saul fia-k, Auschwitzeko kontzentrazio esparruan girotutako narrazioak.

Hou Hsiao-Hsien  taiwandarraren The Assassin zen Urrezko Palma irabazteko faboritoen artean aipatzen zen izenetako bat, baina azkenean zuzendari onenaren saria eraman diote zinemagileari. Kiniela gehienetan aipatzen zen beste izenetako bat, Paolo Sorrentinoren Youth, saririk gabe geratu da azkenean. Epaimahaiaren Saria, berriz, Greziara joan da,  Yorgos Lanthimosen The Lobster-entzat izan baita.

Emakumezko aktore onenaren sarian bi irabazle izan dira, epaimahaiak ex aequo saritu baititu Rooney Mara estatubatuarra eta Emmanuelle Bercot frantsesa, Carol eta Mon Roi filmetan egindako interpretazioengatik, hurrenez hurren. Gizonezko aktore onenaren saria, berriz, Vincent Lindon frantsesari eman diote, Stephane Brizek zuzendutako La loi du marché pelikulan egindako lanagatik. Michel Franco mexikarrak eraman du gidoi onenaren saria, Chronic lanagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.