Zinema

Jacques Beckerri atzera begirakoa eskainiko dio Donostiako Zinemaldiak

1942 eta 1960. urteen artean hamahiru film luze zuzendu dituen, tartean, Casque d'Or eta Le Trou laudatuak

'Montparnasse 19' (1958) filmeko irudia. BERRIA
mikel lizarralde
2016ko maiatzaren 4a
12:34
Entzun

Donostiako Zinemaldiak Jacques Becker (Paris, 1906-1960) zinemagile frantziarraren obra berreskuratuko du aurtengo ekitaldian, 64.enean.

Ideologiaz komunista zen, baina ez zuen sekula zinema soziala landu, ez bederen zentzu hertsian. Fronte Popularraren zineman jaso zuen prestakuntza Beckerrek eta Jean Renoirren laguntzaile izan zen. La grande illusion (1937) filmaren egilearen eragina jaso zuen, haren laguntzailea izan zenez, aipatutakoaz gain beste zazpi filmetan, baita Bigarren Mundu Gerra aurreko Estatu Batuetako zinema klasikoarenak ere. Esate baterako, oso gustukoak zituen King Vidor eta Howard Hawks. Klasizismoa igartzen da haren hasierako estiloan, baina berehala heldu zion modernotasunari, eta halabeharrez findu okupazio-garaian eta gerraostean. Cahiers du cinéma aldizkariko kritikariek Frantziako gerraosteko zineman ontzat eman daitekeen zuzendari bakanetakoa zela uste zuten; izan ere, Truffaut, Godard eta beste kritikarien iritzian –akademizismoaren etsai amorratuak haiek–, Renoir maisuaren parean dago Becker, zehazki, Jean Cocteau, Jean-Pierre Melville, Max Ophuls, Robert Bresson eta Jacques Tati egileen maila berean.

Alabaina, zailtasun handiak izan zituen hastapenetan. Debut ofizialaren aurretik, Dernier atout (1942), Beckerrek pare bat film labur egin zituen, Fronte Popularraren hauteskunde-kanpainari buruz Frantziako Alderdi Komunistak sustatutako dokumental kolektibo batean ere parte hartu zuen –La vie est à nous (1936), besteak beste, Jean Renoir eta Henri Cartier-Bresson egileek ere parte hartu zuten– eta L’or du Cristobal (1940) filmaren grabaketari ekin zion. Hori, ordea, Jean Stellik burutu zuen eta Beckerrek ez zuen sekula lanaren gaineko ardurarik bere gain hartu.

Genero ugari landu zituen: komedia –Antoine et Antoinette (1947), Rendez-vous de juillet (1949), Édouard et Caroline (1951)–, melodrama –Goupi mains rounges (1943), Falbalas (1945), Rue de l’Estrapade (1953)–, gaizkile-zinema –Touchez pas au grisbi, polizia-kontakizuna Jean Gabin aktorearekin, eta Casque d’Or, Parisko XX. mende hasierako gaizkile-jendearen erretratu bikaina, Simone Signoret eta Serge Reggiani aktoreekin–, biopic artistikoa –Montparnasse 19 (1958), Amedeo Modigliani margolariaren azken urteei buruzko istorio berezia– eta espetxe-ihesen generoa: Le Trou maisulana.

Atzera begirako honek Beckerren film guztiak barne hartuko ditu. Donostiako Zinemaldiak antolatu du zikloa, Espainiako Zinematekaren laguntzarekin. Zikloa osatzeko, zinemagileari buruzko liburu bat argitaratuko da, Quim Casasek koordinatuta.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.