Jacques Bergerac aktore miarriztarra igande gauean hil zen, Angeluko Ordainea bere etxean, 87 urte zituela. Hollywooden ibilbide arrakastatsua izan zuen 50 eta 60ko hamarkadetan, eta giro hartan izar ezaguna izatera iritsi zen, batez ere lehenik Ginger Rogersekin eta gero Dorothy Malonerekin ezkonduta egon zen garaian.
Gazte zelarik, kirolari gisa nabarmendu zen, igeriketan eta tenisean batik bat, harik eta Metro-Goldwyn-Mayer ekoiztetxeko talentu-bilatzaile batek aktore gisa Hollywooden lan egiteko aukera eskaini zion arte.
Twist of Fate filmerako lan egitean, 1954an, Ginger Rogers izan zuen lankide, eta harekin ezkondu zen 1957an. Bi urte geroago, dibortziatu ostean, Dorothy Malonerekin ezkondu zen. Bi seme-alaba izan ostean, dibortziatu egin ziren Malone eta Bergerac ere, 1964an.
Honako film hauetan parte haru zuen, besteak beste, Jacques Bergeracek Hollywoodeko urte haietan: David Millerren Twist of Fate (1954), Jean Delannoyren Marie Antoinette, Queen of France (1956), George Cukorren Les Girls (1957), Vincente Minnelliren Gigi (1958), eta Russell Rouseren Thunder in the Sun (1960), Georges Blairren The Hipnotic Eye (1960), Marino Girolamiren The Fury of Achilles (1962), Ettore Scolaren La cogiuntura (1964) eta Jack Arnolden A Global Affair (1964).
Hainbat telesailetan ere parte hartu zuen, hala nola Perry Mason, Batman, 77 Sunset Strip, Alfred Hitchcock presents…
Hollywoodeko urteen ondoren, Europara itzuli eta Frantziara jo zuen. Enpresa handien zuzendaritzan lan egin zuen, hala nola Devlon eta Balmain. Asteburuetan Lapurdira itzultzeko ohitura hartu zuen hala ere, eta Biarritz Olympique errugbi taldeko lehendakari izan zen. Horrez gain, surfaren praktikan aitzindarietako bat izan zen Lapurdiko kostaldean.
Etzi, ostegunarekin, Jacques Bergeracen aldeko hileta egingo da, 14:30ean, Miarritzeko Santa Eugenia elizan.