Nouvelle vague mugimenduaren sustatzaileetako bat izan zen Jacques Rivette zinemagile frantziarra (Rouen, 1928) 1950eko hamarkadan Jean-Luc Godard, François Truffaut eta Claude Chabrolekin batera, eta bere herrialdean egiten zen zinema irauli zuen egin zuen film ausart eta iraultzaileak eginez. Hain zuzen ere, Chabrolen etxean Rivettek 1956an filmatutako Le coup du berger film laburra jotzen dute askok mugimenduaren lehen hazi gisa.
Zinema zuzentzen hasi baino lehen, zinemaz idatzi zuen. Lehendabizi La Gazette du cinéma-n, 1950ean Eric Rohmerrekin sortutako aldizkarian, eta ondoren, Cathiers du Cinema-n. Han egin zuen topo Truffaut, Godard eta Frantziako zinema akademizistari aurre egin nahi zioten beste kritikari batzuekin. Lehenengo prentsaren bidez, eta gero zuzendaritzara jauzi eginda, Rivettek bere zinemarekiko ikuspegia azaleratu zuen, garaikoarekin bat ez zetorrena.
Bere lankide eta lagunak baino ezezagunagoa izanda ere, Rivette taldeko "kontzientzia" zela adierazi izan dute askok.
1960an filmatu zuen bere lehen lana, Paris nous appartient, baina ez zen estreinatu bi urte gerora arte. Ordurako Truffaut eta Godard estreinatuak ziren zuzendaritzan, eta Nouvelle Vague-k ezarritako bide berriak (inprobisazioa, leku naturaletan filmatzea) beste herrialde batzuetara ere zabaltzen hasiak ziren. Rivettek, bere aldetik, muturrera eraman zituen bere obsesioak, eta ez zen izan merkatuaren eskaerei makurtzen zitzaien zinemagilea. Film luzeak egin ohi zituen —lau ordukoak batzuk—, tenpo motelekoak, eta aktoreei beren kasa inprobisatzeko aukera ematen zien.
Bere lanetako batzuk honako hauek dira: La religieuse de Diderot (1966)—zentsura arazoak izan zituena—, L'Amour fou (1969), Celine et Julie vont en bateau (1974), Noroît (1976), Hurlevent (1985) eta La belle noiseuse (1991) —bere film arrakastatsuena—.