Benoit Jacquot zuzendariaren Les adieux à la reine filmaren (Frantzia-Espainia, 2011) emanaldiarekin hasiko da aurtengo Berlinale zinema jaialdia, otsailaren 9an. Chantal Thomas idazlearen izen bereko eleberrian oinarrituta dago, eta Frantziako Iraultzaren garaian kokatu dute: Luis XVI.aren eta Maria Antonietaren morroien ikuspegitik lantzen du gaia, hain zuzen. Filmeko aktoreen artean daude Diane Kruger, Lea Seydoux eta Virginie Ledoyen.
Sail Ofizialean lehiatuko da filma, beste hogei ingururekin batera. Mike Leigh zinemagilea izango da epaimahaiburua, eta harekin taldea osatuko dute, besteak beste, Charlotte Gainsbourg aktoreak, eta Francois Ozon eta Asghar Farhadi ekoizleek.
Bestelako sailetan izango diren zenbait filmen berri ere eman dute. Panorama atala Stephane Hesselen Indignez-vous! lanak zabalduko du, Malgoska Szumowskaren Elles lanarekin batera. BerlinaleSpecial sailak, berriz, Werner Herzogen Death Row eta Kevin Mac Donalden Marley dokumentalak iragarri ditu.
Sail ofizialean, baina lehiaketatik kanpo, Stephen Daldryren Extremely Loud and Incredibly Close eta Zhang Yimouren Jing ling Shi San Chai emango dituzte. Atzera begirako sailak begiratu bat egingo dio Babelsberg estudioen ehun urteko historiari.
Jacquoten 'Les adieux à la reine' filmak irekiko du Berlinale, otsailaren 9an
Chantal Thomas idazlearen izen bereko nobela du oinarri, eta Frantziako Iraultzaren hasieran dago girotuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu