Donostiako Anakrusa konpainiaren Insitu eta Mimizango (Frantzia) Androphyne konpainiaren Ceci n'est pas une performance ikuskizunak estreinatuko dira irailaren 14an, ostiralarekin, Donostiako Bulebarrean, Dantza Hirian jaialdiaren egitarauaren barruan. Jaialdiko emanaldi denak bezala, kalean emanak izateko prestatutako ikuskizunak dira biak. Anakrusarenak edozein hiri edo herritako banku arrunt batean egitekoa pentsatua da; Androphynerena «ikuslearentzako berarentzako idatzitako solo-a» dela esanez definitu dute konpainiako kideek. Hala Anakrusak nola Androphynek Aterpean 2012 artista egoiliarren programarako lehiaketa irabazi zuten, nork bere egitasmoarekin, eta jaialdiaren babesa izan dute egitasmo horiek garatu eta gauzatzeko.
Anakrusa eta Androphyneren estreinaldietatik aparte, beste hiru ikuskizun izango dira Donostian irailaren 14an, denak Bulebarretik gertu: Manuel Rodriguez eta Elias Aguirrerena (Madril); Maura Moralesena (Habana); eta La Intrusa Danza, Virginia Garcia eta Damian Muñozena (Bartzelona-Gasteiz). Biharamunean, Donibane Lohizunen eta Irunen izango dira emanaldiak. Elias Aguirre (Madril) eta Adarte-Francesca Lettieri (Poggibonsi, Italia) ariko dira Donibane Lohizunen; Irunen, berriz, honako hauek: Manuel Rodriguez; Maura Morales; eta La Intrusa Danza, Virginia Garcia eta Damian Muñoz. Ondoren, Errenteriak eta Baionak hartuko dute lekukoa, hilaren 21ean eta 22an hurrenez hurren. Errenterian Kukai (Errenteria), Candelaria Antelo eta Arthur Bernard Bazin (Buenos Aires-Paris), Olga Clavel eta Miryam Mariblanca (Bartzelona) eta El Punto Danza Teatro (Espainia) ariko dira. Baionan, Androphyne, Anakrusa, Olga Clavel eta Miryam Mariblanca, eta Kukai.
Jaialdiko ekimen guztiak doan izango dira. Denak batuta hamar ordu osatuko dituzten ikuskizunak eskainiko dituzte nazioarteko maila duten 12 konpainiak 20 hiri paisaiatan; horretaz gain, bi master-class —Jon Maia Kukai konpainiako koreografo eta dantzariarena bata, Maura Moralesena bestea—, ikastetxeetarako saioak, bideo eta film emanaldiak, mahai inguru bat eta argazki erakusketa bat ere hartuko ditu bere barruan Dantza Hirian jaialdiaren programazioak. Argazki erakusketak Gorka Bravo argazkilariak Dantza Hirian jaialdian egindako argazkiak bilduko ditu, gaurtik hilaren 20ra bitarte, San Telmo museoan.
Zazpigarren ekitaldia du aurtengoa Dantza Hirian jaialdiak. Donostiako Iniciativas Danza eta Hendaiako Atelier elkarteek antolatzen dute, hainbat erakunderen babesarekin. «Jaialdiaren helburu nagusia da dantza antzokietatik atera eta dantza emanaldietara ohitu gabeko publikoari hurreratzea», Myriam Arkaia jaialdiaren zuzendariak azaldu duenez. «Funtsean, dantza gizarteratzea».
Sortzailearen askatasuna
«Dantza Hirian moduko jaialdiek formatu txikiko lanak eskaintzeko aukera ematen dute», Noemi Biana Anakrusa konpainiako dantzari eta koregrafoaren ustez, eta horixe dute ezaugarri eskergarrienetako bat. «Normalean horrelako piezak ezin izaten dira eskaini antzokietan, eta gaur egun ez dago leku askorik haientzat», Bianaren ustez. «Gaur egungo kultur merkatuan, antzokietan eskaintzen diren emanaldi gehienak nahiko estandarizatuta daude, bai formatuaren aldetik eta baita beste alderdi askotatik ere, argiarenetik, adibidez», Iñigo Ortega Anakrusa konpainiako aktore eta koreografoaren ustez. Horregatik, sortzailearen ikuspegitik begiratuta, Dantza Hirian jaialdiak «espazioaren eta denboraren aldetik eskaintzen duen malgutasuna» eskertu beharrekoa iruditzen zaio. «Sorkuntzan mugak izateak sortzailearen lana ere mugatu egiten du, eta askatasun hori izatea gozamena da».
Hiri inguruneetan egindako dantzak «antzokian egindakoak baino askoz ere joko gehiago» eskaintzen dio Gorka Bravo argazkilariari ere, berak azaldu duenez.«Kalean, harreman zuzena duzu jendearekin, eta begira dauden haurren irribarrea harrapa dezakezu, edo bere arazoak une batez alde batera uzten dituen andre heldu baten begirada».
Egitarau osoa kontsultatzeko:
www.dantzahirian.com
Jaialdiak lagundu dituen bi ikuskizun estreinatuko dira Dantza Hirian-en
Anakrusak 'Insitu' eta Androphynek 'Ceci n'est pas une performance' emango dute hilaren 14an
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu