Donostiako Jazzaldian, orotara hiru kontzertu eskainiko ditu Jamie Cullumek (Rochford, Ingalaterra, 1979): bata DJ lanetan, bestea bakarlari moduan pianoan eta abestuz, eta azkena, gaur gauean, bere bandarekin. Jaialdi batean hiru kontzertu ezberdin egingo dituen lehen aldia da. "Musikari moduan azterketa bat izan da, prestatuta nengoen edo ez ikusteko", azaldu du gaur goizean prentsaren aurrean San Telmo museoan egindako agerpenean. Dagoeneko eskaini dituen bi kontzertuetan publikoarekin intimitatea lortu duela uste du, bakarka aritu delako agertokian. Haren arabera, "oso dibertigarria" ari da izaten esperientzia, baina lan egiten jarraitzea ezinbestekoa da. "Hobetzen jarraitu behar dut".
Gaur gauean eskainiko duen kontzertuaren harira, argitu du "kontzertu ezberdina" izango dela. Donostiara inoiz ekarri duen talde handiena ekarri du, eta Cullumen arabera, gaurkoak ez du orain arte egin duenarekin antzik izango. "Trinitate plaza munduan leku bakarra da, entzuteko nahiz jotzeko. Ezin dut gehiago itxaron, jada gogoa daukat emanaldirako". Publikoa zerekin harrituko duen galdetuta, irribarretsu azaldu du "hegan" egingo duela.
Euskal Herriarekiko mirespena adierazi du. "Donostia hiri ikaragarria da. Zuek badakizue zergatik diodan hori”. Bertako kulturan, artean, historian nahiz gastronomian sormenari ateak irekitzen zaizkiola uste du. "Donostiak artista izatea ahalbidetzen dizu, artista gisa sortzaile egiten zaitu. Hemen sormena erabat librea da". Disko denda batera joateko asmoa ere badu. Ez da zehazki zerbaiten bila joango, aurkitzen duenarekin harritzea gustatzen baitzaio: "Sorpresak gustatzen zaizkit". Internetetik erosteak ez duela aukera hori ematen uste du.
Irratian, pasio hutsez
Jazzari buruzko irrati programa bat egiten du BBC britanikoan. Kontzertuekin lanpetuta aritzen den arren, “pasio hutsez” egiten duela azaldu du. Argi du horrek ez diola jaten emango. "Musikarekiko maitasuna" da berea. Diskoak jartzen ditu irratsaioan, jende berriari aukera bat emateko asmoz. Belaunaldi berriei lekua egitea da haren helburu nagusia. Horien artean dago Julia Biel, Donostiako Jazzaldia kontzertua eskainiko duen musikaria. Dena dela, azaldu du publikoarekin lotura berezia duela: "Gehiago identifikatzen nahiz entzuleekin musikariekin baino". Teknologia berriei esker lortu du irratsaioa eta bere musikari lanak bateratzea. Esaterako, Maria Cristina Hoteleko logelatik grabatu du programa bat.