Muguruzak aitortu du "eroso" sentitzen zela azken urteotan jorratu duen ildoarekin, doinu akustikoetan oinarrituta eta jazz laukote baten laguntzarekin. Baina oraingoan zerbait desberdina egiteko bulkada sentitu du. Horren arrazoiak guztiz argi ez dituela azaldu du: "Erabaki baten ondorioa izan da, baina, normalean, erabakiak ez dira momentu zehatz batean hartzen. Norberaren barruan joaten dira pixkanaka-pìxkanaka gorpuzten eta mamitzen", esan du.
Ongi oldozturiko arrazoiek baino gehiago, "intuizioak" eraman du Muguruza bide berrietara jotzera. Eta, batez ere, bi dira bide berri horiek: alde batetik, gitarra elektrikoen soinua, "soinu apur bat gogorra eta lakarra batzuetan", Napoka Iria taldeko Ander Mujikaren eskutik; eta, beste aldetik, zenbait kantu soinu elektronikoen geruza batez apaintzea, Javi Carasueño elektronikan aditutako musikariaren laguntzaz.
Aldaketak aldaketa, ohiko erregistroa darabil Muguruzak Leiho bat zabalik osatzen duten zortzi abestietan, "kantu intimistak, entzulearen belarrian xuxurlatuak", egileak azaldu duen moduan. Esan duenez, diskoa argitaratu aurretik entzutea izan dutenek nabarmendu diote aldaketaren handia, baina, aldi berean, betiko Jabier Muguruza aurkitu dutela diskoan.
Kantuetako letrei dagokienez, ohiko kolaboratzaileengana jo du Muguruzak, eta Iñaki Irazu, Gerardo Markuleta, Lourdes Oñederra, Jose Luis Padron eta Harkaitz Canoren testuak erabili ditu. Horiez gain, aspaldiko bi kolaboratzaile -Iban Zaldua eta Angel Erro- berreskuratu ditu Muguruzak, eta, berrikuntza gisa, Iñigo Astizen poema bat ere erabili du, diskoari izenburua ematen dion Leiho bat zabalik kantuan hain zuzen.