Musika

Jarduteko era berri bat

Modus Operandi taldea sortu du Iñaki Ortiz de Villalba Betagarri taldeko abeslari ohiak.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2018ko azaroaren 7a
12:45
Entzun

Duela urte eta erdi hasi zuten talde berria sortzeko bidea eta ilusioz heldu diote. “Aldapatsua izan da bidea. Bazirudien energia ezkor bat bazegoela egitasmoak aurrera egin ez zezan”. Hala azaldu du Iñaki Ortiz de Villalba abeslariak. Hainbat taldeetan aritzen diren musikariak bildu ditu Modus Operandi-k eta ez da lan erraza izan guztiak elkartzea. Bost kide gehitu zaizkio abeslariari: Andoni Garcia Matxain Laurobako gitarra jotzailea, Vendetta musika taldeko Enrikko Rubiños bateria jotzailea eta Ruben Anton tronpeta, Julen Barandi Txiki Izaro taldeko baxu jotzailea eta Gonzalo Fernandez de Larrinoa The Hot Wok tronboi jotzailea. "Guztien agendak batzeko zailtasunak izan ditugu eta ordu txikitan aritu gara entseguak egiten. Aurrera egin dugu, hala ere”, azaldu du Garciak.

Ska estilora jo duten arren, argi utzi du hasieratik abeslariak: “Ez da Betagarriren diskoa, baizik eta guztion indarren batuketa. Oso disko freskoa eta baikorra da. Letretan gai sozialak, politikoak eta amodiozkoak jorratu ditugu”. Hamar kantuz osatutako diskoa egin dute eta Onintza Enbeita bertsolariak ondu ditu horietako hiruren letrak. Agnes Toda idazleak katalanez idatzitako beste bat ere badutela azaldu du Ortiz de Villalbak. “Katalunian bizitzen ari diren gora behera guztien laburpena egin du, nolabait”.

Oraingoz, bi emanaldi iragarri dituzte: abenduaren 1ean Iruñean egingo dute emanaldia, Euskararen Egunaren harira egingo diren ekitaldietan, eta abenduaren 7an, aldiz, Durangoko Plateruena antzokian izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.