Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kultur arloko langileentzako aholkularitza zerbitzu bat jarri du martxan. Zerbitzu horren helburua da COVID-19 gaitzak eragindako krisiaren ondorioz abian jarritako neurriei buruzko informazio guztia helaraztea interesa eduki dezaketen guztiei. Kulturklik Pro plataformaren bitartez bideratu dute zerbitzua, eta funtsezko bi tresna eskaintzen ditu: aholkularitza pertsonalizatua eta, horrekin batera, kultur sektore desberdinetako profesional eta eragileentzako bi gida.
Egitasmo horren bidez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak laguntza pertsonalizatua eskainiko die kultur sektoreei, erakundeek abian jarritako laguntza lerro guztiei buruzko informazioa emateaz gain; sailak berak Lanbiderekin batera bultzatutako diru laguntzen inguruko informazioa emango dute (Kulturako profesionalentzako programa-ren bidez 2,5 milioi euro bideratuko dira). Zerbitzuak, halaber, informazioa emango du sailak kultur sorkuntza sustatzeko dituen diru laguntza deialdiei buruz: hamabi deialdi eta 50 modalitate inguru.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azpimarratu duenez, garrantzitsua da kulturaren arloko langileei laguntza eskaintzea egun dituzten arazoei aurre egin diezaieten: «Hainbat erakundek era askotako bideak jarri dituzte abian kulturaren arloa laguntzeko. Ezohiko egoera bat da hau, eta kulturaren arloko langile eta eragileek zalantzak dituzte bide horiek hartzeko aukeren inguruan. Aholkularitza zerbitzu honen helburua da laguntza pertsonalizatua eskaintzea kulturaren arloko norbanako eta eragileei».
Jaurlaritzaren esanetan, aholkularitza pertsonalizatuari esker, kulturaren arloko langileek eta erakundeek zalantza zehatzak argitu ahal izango dituzte. Galderak telematikoki bideratuko dira, eta interesdunek posta elektronikoz edo telefonoz jasoko dute erantzuna, 48 ordu baino lehenago, baina helburua da hemendik gutxira erantzunak 24 orduan bideratu ahal izatea. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, halaber, galdetegi bat bidaliko die erabiltzaileei aholkularitza zerbitzu horren kalitatea aztertzeko.
Zerbitzu hori Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kultura arloko norbanakoentzat eta erakunde eta enpresentzat pentsatuta dago. Gainera, bigarren fasean, kultura sektoreetako elkarteen aholkularitza zerbitzuekin batera lan egingo du, «sektore bakoitzaren errealitatera albait ondoen hurbiltzeko».
Bi gida
Bestalde, bi gidei dagokienez, lehenak Euskadiko kultura-sektorearentzako neurrien eta laguntzen gida COVID-19ren aurrean du izena, eta kulturaren arloko langileentzat interesgarriak izan daitezkeen hainbat neurri jorratzen ditu: langile autonomoen zerbitzura jarritako laguntzak eta prestazioak; azken asteetan onartutako zerga erraztasunak; finantzaketa ildoak; aldi baterako okupazio erregulazioko espedienteei buruzko informazioa; Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketen luzapena; ura edo elektrizitatea aurrezteko neurriak; eta zorraren luzapenei buruzko informazioa. Gida dinamikoa izango da, eta eguneratu egingo da kulturako langileentzat interesgarriak diren neurri berriak onartu ahala. Gida hau eguneratuz joango dira neurri berriak hartu ahala.
Bigarrenik, Jaurlaritzak Kulturako profesionalei laguntzeko programari buruzko ohiko galderak izeneko gida jarri du kulturako langileen eskura. Kasu horretan, helburua da sailak eta Lanbidek abian jarritako programaren xehetasun guztiak azaltzea. Gida hori Lanbideren laguntzak argitaratzen diren egunean argitaratuko dute.