Eusko Jaurlaritzako gobernu batzordeak atzo onartutako dekretuak Debako Praileaitz kobazuloa Monumentu izendatzen du, Kultur Ondare Kualifikatu mailarekin; baina haitzuloaren ondoan dagoen Sasiolako harrobiaren jarduna eteteko ez du agintzen. Dekretuak Praileaitz ingurua bost eremutan zatitzen du, haietako bakoitzari babes maila bat ezarriz. Horrela, kobazuloaneta haren 50 metroko erradioak hartzen duen lur zatian egin daitezkeen jarduerak mugatzen dira, baina 100 metroko erradiotik aurrera leherketak egitea baimentzen du Eusko Jaurlaritzaren aginduak. Praileaitz I kobazuloaren ondoko Sasiola harrobian, beraz, Amenabar taldeko Hormigones Zelasa enpresak harrobia ustiatzeko leherketak egiten jarraitu ahal izango du. Aranzadi Zientzia Elkarteak jakinarazi duenez, Jaurlaritzak ezartzen dituen babes neurriak ez dira inondik ere nahikoak Praileaitzen iraupena eta kontserbazioa bermatzeko.
Dekretuak babesten duen lehen eremua Madeilen aroko (duela 18.000 urte) margoak eta bitxiak gordetzen dituen Praileaitz I kobazuloa da. Haren barruan, aztarnategi arkeologikoa eta margoekin loturiko jarduera zientifikoak bakarrik egin ahal izango dira, eta bertan, ondarearen egoera alda dezaketen giza jarduerak murriztea izango da irizpide orokorra. Bigarren eremuan, haitzuloaren kanpoaldeko 50 metroko erradioak mugatzen duen lur zatian, leherketak egitea eta lurra zulatu edo ateratzea galarazi egiten du dekretuak, baina basogintzarekin eta ikerketa zientifikoarekin lotura duten hainbat jarduera aurrera eramatea baimentzen du, beti ere Gipuzkoako Foru Aldundiaren onespenarekin. Gaur egun basogintza erabilerarako zabalduta dauden bide eta pistak lehenera ekarri, eta basoa berreskuratzea agintzen du Jaurlaritzaren aginduak. Hirugarren eremua, bigarrenak eta Debara daraman errepideak mugatzen duen lur zatia da. Han ere, eraikitze edo industria lanak debekatu egiten dira eta helburua gaur egun galbidean dagoen basoa biziberritzea da.
Margoak dauden haitzulotik 100 metrora hasten da laugarren eremua. Atzoko dekretuaren arabera, eremu horretan posible izango da harrobiaren ustiapen lanekin jarraitzea. Lan horiei hainbat muga jartzen bazaizkie ere,lehergailurik erabili gabe posible izango da bertan lur ustiapenak egitea, eta Gipuzkoako Foru Diputazioak egoki irizten dionean, lurra ateratzeko beste teknikak erabili ahal izango dira. Beraz, aztarnategia eta ustiapen eremuaren artean 100 metro baino ez dira egongo. Bosgarren eremua, Praileaitz ingurunearen kanpoaldeak osatzen du, eta A-8 autobideak,N-634 errepideak eta Lasturrera doan bideak mugatzen dute. Eremu horretan, gaur egun martxan dauden jarduera guztiekin jarraitzea uzten du dekretuak, besteak beste, leherketekin.
ARANZADIRENTZAT, NAHIKOA EZ. Praileaitz I aztarnategiko indusketak zuzentzen dituen Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologo Xabier Peñalverrek BERRIAri esan dionez, Eusko Jaurlaritzak atzo onartutako dekretua harrigarria da, eta ez da «inondik inora nahikoa Praileaitz I aztarnategiaren iraupena eta kontserbazioa bermatzeko». Atzokoa, Euskal Herriarentzat egun tristea dela esan du Peñalverrek. Duela gutxi Praileaitz I kobazuloa ez ezik, aztarnategi ondoko mendi hegal guztia babesteko eskatu zion Aranzadik Jaurlaritzari, eta, beraz, atzo hartutako erabakia Zientzia Elkarteak esandakoari kontrajartzen zaio, erabat. Peñalverrek uste du, aztarnategiaren ondarea kontuan hartuz, Praileaitz I-ek gehieneko babesa behar duela. «Esaterako, berriki kobazulo berria bat agertu da, hari buruz ez dakigu ezer, eta hala ere, 50 metrora mozten jarraitzea onartzen dute. Ez da sinestekoa», adierazi du zuzendariak. Peñalverrentzat, «onartutako dekretuak suposatzen du edozein egunetan 18.000 urte dituzten pinturak txikitu egingo direla».
Aranzadik mendi hegal osoa babesteko eskaria egina du orain baino lehen, «Deba ibaiaren meandroarekin batera doan hegal osoa» mantentzea eskatua du, Praileaitz I kobazuloaz gain, harrobiak lehen jan zuen Praileaitz II eta beste hamaika kobazulok Debabarrena Goi Paleolitikoaren eremu garrantzitsuenetakoa bilakatu baitu. Horiek ez kontuan izana salatu du Aranzadik, bai Peñalverrek eta baita Zientzia Elkarte osoak ofizialtasunez zabaldutako oharrean: «Dekretuak orain arte ezagutzen diren galeriak bakarrik babesten ditu, ez ustiatu direnak eta gutxiago inguruan ziurrenik ager litezkeenak». Horren aurrean, Aranzadik Praileaitz babesten jarraituko duela jakinarazi dute: «Praileaitz osoa eta bere ingurune guztiaren ondare natural, arkeologiko eta kulturala babestuko du Aranzadik, gune hau Debako haraneko testuinguruan ulertuz».
PRAILEAITZEN LAGUNAK, OSO KRITIKO. Praileaitzen Lagunak elkarteko Koldobika Jauregi eskultorea ere oso kritiko agertua da atzo onartu zen dekretuarekin. Haren iritziz, gutxienekoa ere ez du errespetatuJaurlaritzak eta, beste behin, «interes pribatuak interes publikoen gainetik» jarri dira. «Argi geratu da Amenabarren moduko enpresek euskal gobernuak baino askoz ere gehiago agintzen dutela eta kultura sailak, 18.000 urte baino gehiago dituzten margoak babestu beharrean, leherketekin jarraitzea baimentzen duela, harrobia babestuz», esan du Jauregik. Haren iritziz, neurri hau hartuta, «Jaurlaritzak ez du euskaldunon ondarea eta kultura defendatzen eta kultura arduradunek ez dute euskal kultura ordezkatzen».
«Argi geratu da Amenabarren moduko enpresek Gobernuak baino gehiago agintzen dutela»
«Jaurlaritzako Kultura Sailak 18.000 urteko margoak babestu beharrean harrobia babestu du
koldobika jauregi
praileaitzen lagunak taldekoa eta eskultorea
«Berriki kobazulo berri bat agertu da, eta hari buruz ez dakigu ezer; hala ere,mozten jarraituko dute
«Dekretuak suposatzen du edozein egunetan 18.000 urte dituzten pinturak txikitu egingo direla»
xabier peñalver
Aranzadi zientzia elkarteko arkeologoa
Jaurlaritzak ez du harrobia itxiko, nahiz eta Aranzadiren arabera Praileaitz hondatzen duen
Madelein aroko bitxiak aurkitu diren gunetik 100 metrora leherketak egitea baimendu du Jaurlaritzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu