Atzo zen bukatzekoa Praileaitzeko aztarnategiaren (Deba, Gipuzkoa) babes eremua handituko lukeen dekretua onartzeko epea. Atzo aurkeztu behar zuen Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak dekretua Gobernu Kontseiluan, baina, azkenean, ez zuen aurkeztu, eta, oraingoz, bertan behera geratu da egitasmoa. Eguneko gai ordenatik kanpo utzi zuten dekretu berriaren kontua: Amenabar taldeko Zeleta SL enpresak ustiatzen du Sasiolako harrobia, Praileaitzeko leize-zuloaren ondoan dagoena, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak haren alde emaniko epaia aztertu behar dutela arrazoitu zuten.
Egun indarrean den dekretua 2007an onartu zuten. Zeletak kalte-ordainak eskatu zituen orduan, leize-zuloaren babes dekretuarekin bere ustiapen eskubideei kalte egiten zitzaiela argudiatuta. Auzitegi Nagusiak Zeletari eman dio arrazoia, eta Eusko Jaurlaritzak 50 milioi euro inguru ordaindu beharko lizkioke, zenbait hedabidek atzo azaldutako informazioaren arabera. Helegitea jartzeko aukera izango du Jaurlaritzak. BERRIA Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailarekin harremanetan jartzen saiatu zen atzo behin baino gehiagotan, baina ez zuen erantzunik izan.
2007an onartutako dekretuaren arabera, babes eremua 50 metrokoa zen. Onartze bidean zegoen dekretu berriaren arabera, ordea, aztarnategiaren babes eremua 50 metrotik 65era handituko litzateke. 2010eko ekainean Blanca Urgellek gidaturiko Kultura Sailak 2007ko dekretua berriztatzeko egitasmoa argitaratu zuen EAEko buletin ofizialean. Xabier Peñalver Praileaitzeko indusketen zuzendariak —hark gidaturiko arkeologo taldeak aurkitu zuen Praileaitz I izenez ezagun egin zen leizea 2006an, zeinak margolan eta historiaurreko material garrantzitsuak dituen— dekretu berri hori ere «astakeria hutsa» zela esan zuen oraintsu. Praileaitzen Lagunak elkartearen eta Mutrikuko Natur Taldearen iritzian, dekretu berriak ekarriko lukeen zabaltzea «ez litzateke aski izango», baina aurreko dekretua baino «hobea» izango litzatekeela adierazi dute behin baino gehiagotan.
Epaiak zehazki dioenaren zain
Praileaitzen Lagunak elkarteko kideek Auzitegi Nagusiaren epaia eskuratzeko zuten atzo oraindik ere. «Saiatu gara hainbat bidetatik epaiaren dokumentuaren testua lortzen, baina, oraingoz, ezinezkoa izan zaigu», adierazi zuen atzo Jabi Castro Praileaitzen Lagunak eta Mutriku Natur Taldeko kideak.
Dekretu berria onartzeko epea behin betiko atzo amaitu ote zen da jakiteko dagoen puntuetako bat. Dekretu berriaren espedientea onartzeko epea urrian zehaztu zuten. Hiru hilabete zituen Jaurlaritzak dekretua onartzeko, Castroren hitzetan. «Epea amaitu baldin bada, aurreko dekretua geratuko da indarrean, batere aldatu gabe».
Ordea, jakiteko dago Auzitegi Nagusiak enpresa ustiatzaileari arrazoia emanda aurreko dekretua ere baliogabetua geratzen den edo ez den. «Akaso, dekretu osoa ez, baina artikuluren bat baliogabeturik gera liteke, eta Praileaitzek egun duena baino are babes txikiagoa izango luke. Horrek kezkatzen gaitu orain gehien», azpimarratu du Castrok.
Praileaitzen Lagunak elkarteak lehen ere adierazia zuen Zeleta enpresa ez zegoela Jaurlaritzari kalte-ordainak eskatzeko moduan. Haien ustez, 2007ko dekretuak babesten duen eremuak Kosta Legearen babesa dauka. «Enpresak Kosta Zuzendaritza Nagusiaren eskutitz bat jaso zuen, Kosta Legea zela-eta bete behar zituen baldintzak zehaztuz, baina Jaurlaritzari ez zion horren inguruko abisurik eman, nahiz eta betebehar hori izan legearen arabera», zehaztu zuen orain ez asko Josu Perez elkarteko kideak. Hala izanik, «baliteke Jaurlaritzak enpresari kalte-ordainik eman behar ez izatea, enpresa izan zelako lehena legea hausten. Gu horretaz konturatu bagara, Jaurlaritzako abokatuak ere konturatuko ziren», esan zuen Perezek.
Jaurlaritzak ez du onartu epe barruan Praileaitz babesteko dekretu berria
EAEko Auzitegi Nagusiak harrobia ustiatzen duen Zeleta enpresaren aldeko epaia eman du, eta hark eragin du atzeratzeaEgungo dekretua baliogabetuko balu epaiak, babesik gabe geratuko litzateke Praileaitz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu