"Liburu digitalen mailegu zerbitzuak ez du leku fisiko baten beharrik, baina bai liburutegi eta liburuzainena. Eurek aukeratzen baitituzte liburutegi digitaleko liburuak. Liburuetatik gertuen daudenak direlako", adierazi du Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak. Gaurtik aurrera martxan dago eLiburutegia Euskadiko liburutegi digitala. EAEko liburutegietako erabiltzaileek liburu digitalak mailegatu ahal izango dituzte doan. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak propio sortu duen plataforman sartu beharko dira erabiltzaileak, euren NANa eta liburutegietan emango dieten pasahitza erabiliz.
Egun, 1.500 titulu baino gehiago daude eLiburutegian. Baina urte bukaerarako 3.000 egongo direla aurreikusi du Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak. “Urtea bukatu arte astean 300 titulu berri igoko ditugu”. Eusko Jaurlaritzak Euskal Herriko eta Espainiako hainbat argitaletxerekin egin du akordioa. EAEko liburuzainek aukeratuko dituzte plataforma digitalera igo beharreko lanak.