«Jazzaldia egin egingo da»

Neurri bereziekin, baina jaialdia aurrera ateratzeko modua egin du Donostiako Jazzaldiak: Mariza, Chano Dominguez, Silvia Perez Cruz, Michel Portal, Lina eta beste hartuko ditu

Joseba Larretxe Joseviskyk egin du Donostiako 55. Jazzaldiaren kartela. JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2020ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Egitaraua xehe aurkezten hasi aurretik eta amaitu berritan errepikatu zuen Miguel Martin Donostiako Jazzaldiko zuzendariak zer den nabarmendu beharrekoa: hasieran beltz ikusi bazuten ere, eutsi egin diote jaialdiari: «Jazzaldia egin egingo da. Beste guztia detaileak dira». Uztailaren 22tik 26ra bitartean egingo da, eta Viktoria Eugenia antzokian, Kursaalean, San Telmo museoan eta Trinitate plazan izango dira emanaldiak. Aurrez iragarria zuten bezala, hondartzan ez da kontzerturik izango aurten.

Atzo goizean aurkeztu zuten aurtengo jaialdiaren egitaraua—Joseba Larratxe Josevisky-k egin du kartela—. Bertan izan zen Eneko Goia Donostiako alkatea ere, eta «normaltasunerako bidean» Jazzaldia egin ahal izatearen garrantzia azpimarratu zuen. Hiriko kultur eskaintzari eusteko lanetan aritu direla esan zuen, eta esker bereziak eman zizkion Martinek ere horregatik. Gogora ekarri zuten, halaber, Donostiakoa izan dela uztailerako egitaraua aurkeztu duen lehenengo nazioarteko jaialdia —Euskal Herrian, Gasteizkoa eta Getxokoa (Bizkaia) bertan behera gelditu dira—.

Martinek azaldu zuenez, «maila lokaletik Europakora» osatu dute aurtengo egitaraua, Europa barruko mugak irekiko dituztela ziurtatu denean. Halere, datozen asteetan osatuz joateko asmoa dute. Aurtengo iragarrita zeuden emanaldi batzuk datorren urterako ziurtatu dituztela ere esan zuen Martinek.

Bost egun eta bost gau

Asteazkenez abiatuko da jaialdia, jazzaren artistarik handienetako baten omenaldiarekin: Charlie Parker. Aurten ehun urte dira jaio zela, eta, urteko beste efemeride bat baliatuz, Beethovenen obra interpretatuko du Marco Mezquida pianistak. Hori izango da, hain justu, jaialdiaren azken saioa.

Aurtengo egitaraua ezaugarrituko du hiru kantari portugaldarren presentziak: Lina —Raul Refreerekin batera—, Mariza —Amalia Rodriguesen lana ekarriz— eta Salvador Sobral. Horiekin batera, Anja Lechner biolontxelo jotzailearen eta François Couturier pianistaren emanaldia ere nabarmendu zuen Martinek, «aurtengo sorpresetako bat» izan daitekeelakoan.

Trinitate plaza izango da oraindik kontzertuen agertoki nagusia, eta han arituko dira, besteak beste, Chano Dominguez, Oreka TX, Michel Portal, Mariza, Marco Mezquida eta Rymden taldea. San Telmo Museoko Klaustroak, berriz, piano hutsezko hiru kontzertu hartuko ditu: Bojan Z, Paul San Martin eta Mikel Azpiroz.

Sarrerak ostegunetik aurrera jarriko dituzte salgai. Trinitate plazako kontzertuen kasuan, lau edo sei lagunentzako abonamenduak salduko dituzte uztailaren 1era bitartean, eta biharamunetik aurrera eskuratu ahalko dira sarrera solteak. Legeak ezarritako gehienezko eserlekuak eskainiko dituzte, eta zenbakituak izango dira lau eremuetan.

Jazzaldia sariari dagokionez,egitarauan ageri direnen arteko batek jasoko duela aipatu du Martinek: «Lauren artean gabiltza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.