Izenburuak arrasto arras fidagarriak ematen ditu maiz erakusketa batean, baina oraingo honetan, ezin zehatzagoa da. Izan ere, Moebius edota Gir esaten dioten Jean Giraud marrazkilari frantsesaren beraren (Nogent-sur-Marne, 1938) eta haren obraren metamorfosiari buruzko erakusketa da Parisko Cartier fundazioan atzodanik ikus daitekeena.
«Metamorfosiak nire obra osoa hartzen du. Ez da metaformosi klasikoa, alegia, Ovidiorena. Oso bestelakoa, baizik. Gauzak desagertzen direla ikusteak sorrarazten duen panikoa jorratzen dut, zenbait ekintzari nortasun jakin bat ematearen zailtasuna», azaldu du artistak.
Haren ibilbidearen inguruko film dokumental bat ere osatu dute. Lan horretan, Giraudek bere buruaz barre egiten du, eta bikoiztu egiten da, Girrek Moebiusekin eztabaida dezan. Girrek Moebiusen erokeriak ordaintzen baititu.
«Historikoa da hori», onartzen du Giraudek. Gir lanbide bat da; Moebius, arimaren egoera bat. Moebius definitzea zaila da, orduan artista bainaiz. Baina, zer da artista izatea mundu honetan? Bizirik iraun behar duzu. Horregatik bihurtzen dira artistak saltzaile, eta besteen gustuko izan behar dute, jan ahal izateko adina irabazi nahi badute».
Bata eta bestearen, Gir eta Moebiusen lanak daude erakusketan.Hala, 300 bat xafla, serigrafia, marrazki, zirriborro, proiekzio hilografiko eta zenbait film egiteko materiala dago jasota Cartier fundazioaren eraikinean. Izaki misteriotsu eta onirikoak ageri dira lan horietako askotan, pertsonaia ezagunekin batera.
Erakusketaren metamorfosia
Baina erakusketan, obretan bezala, eragin handia izango du metamorfosiak. Horren handia, ezen egunak igaro ahala beste itxura bat hartuko duen. Obra gehiago gehituko dizkiote urtarriletik aurrera, artistaren ibilbidearen garapenaren berri, erakusketaren beraren garapenaren bidez emanez. Martxoaren 13an itxiko dute.
Alien filmaren inspiratzailearen marrazki andana biltzen ditu Parisko erakusketa antologikoak. Azken hiru hamarkadetako zinemaren ikusleen imaginarioaren parte da Moebius. Animazioan, zientzia fikzioan, publizitatean eta bideo jokoetan eragin nabarmena izan du. Luc Bessonen The fifth element eta James Cameronen Abyss-en ere utzi du marka Moebiusek.
Gir, halaber, ez da atzean geratu. Jean-Michel Charlierrekin elkarlanean sortutako Blueberry tenientearen abenturak ezizen horren pean sinatu zituen Giraudek. Eta, noski, erakusketan western hartako xaflak ere badaude.
Artistak bere buruaz eginiko erretratuak bildu dituzte, orobat. 1973ko La Déviation sailean, familia osoarekin ageri da, oporretan, txango batean, eta halako batean, desbideratu eta unibertso izugarri batean murgiltzen da.
Girauden irudimen ikaragarrian eta existentziaz duen liluran sakondu dute erakusketaren bigarren atalean, sotoan jarritako lanetan. Forma abstraktu eta hibridoek erakusten dute genetikarekiko, eta zehatzago, eraldatutako zelulekiko eta anbiguotasun sexualarekiko duen interesa.
Jean Giraud 'Moebius'-en erakusketa zabala ireki dute Parisko Cartier fundazioan
'Metamorfosia' izeneko erakusketan, Moebius zein Gir gisa sortutako komiki eta filmetako marrazkiak jaso dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu