Sarako kiroldegian iraganen da eguna; Turismo Bulegoa eta Euskal Kultur Erakundea antolatzaile. 30. urteurrenean, hasierako ideiak sendo segitzen du. 130 idazle, 28 elkarte eta argitaletxe eta bi aldizkarik baieztatua dute bertan izanen direla. Gisa horretako hitzordu bakarra da Ipar Euskal Herrian hainbeste autore biltzen dituena.
Eguna 10:00etan hasi du biltzarrak, Eusko Ikaskuntzaren beken banaketarekin. Jean Haritxelhar omendu dute eguerdian. Euskaltzain gisa, euskal ikasketen sortzaile gisa, idazle gisa, edo beste, haren ibilbide aberatsa gogoraraztea du xede sariak. Euskal Kultur Erakundearen laguntzarekin, Sarako Biltzarreko sari berezia ematea erabaki dute aho batez. Sari banaketa aitzin, Bernardo Atxagak mintzaldi bat eskaini du, Lucien Etxezaharreta dela animatzaile. Egun osoan liburu aurkezpenak aldizkatuko dira,18:00ak arte. Sartzea helduek bi euroan dute.
Publikoa seduzitzen duen formula aurkitu du Sarak. Milaka bat heldu eta bostehun bat haurren bisita zenbatzen dute azken urte hauetan antolatzaileek. Eta zenbakiez gain, bada beste joera bat ere, Sarako biltzarraren garrantzia azaldu dezakeena, hau da, politikarien presentzia. Peio Etxeberri-Aintziart Elkar argitaletxeko arduradunak gogoratu du, irria ezpainetan: "Ikusten da garrantziaren marka, politikariak han badira. Eta duela hiru urte, kantonamenduko bozetan, edo ondotik legebiltzarrekoak zirela, hautagai guztiak etorri ziren Sarara".