Donostiako Zinemaldia Jean-Pierre Jeunet zuzendari frantziarraren The Young and Prodigious T.S. Spivet filmaren (Frantzia-Kanada) munduko estreinaldiarekin amaituko da, irailaren 28an. Amélie film ezaguna zuzendu zuen Jeunetek 2001ean.
Jeunetek berak aurkeztuko du filma Kursaaleko auditoriumean eta Antonio Elorza belodromoan. The Young and Prodigious T.S. Spivet filmak Kyle Catlett eta Helena Bonham Carter ditu aktore nagusi, eta Zinemaldiaren amaiera galan izango dira biak, Jeunetekin batera. Filmean parte hartu duten aktoreen zerrenda hauek osatzen dute: Judy Davis, Callum Keith Rennie, Robert Maillet eta Dominique Pinon-ek.
Filma hiru dimentsiotan egina dago, eta T.S. Spivet du protagonista, Montanako arrantxo batean bizi den 12 urteko jeinua. Kartografiarako eta asmakarietarako duen talentu izugarriak laster izango du ordaina. Zientzia erakunde batek prestigio handiko saria emango dio, eta herrialde erdia zeharkatu beharko du haren bila joateko.
Amélie-z gain, Delicatessen (1991) eta La cité des enfants perdus (1995) filmak ere zuzendu ditu Jeunetek, biak Marc Carorekin elkarlanean. Alien Resurrection (1997), Un long dimanche de fiançailles (2004) eta Micmacs à tire-larigot (2009) dira Jeunetek zuzendutako beste lan batzuk.