Frantzian aktore laudatu eta ezaguna zen Jean Rochefort, baina bere herrialdearen mugetatik kanpo ere oihartzun handia izan zuen, batik bat azkeneko 25 urteetan. Parisen jaio zen, 1930ean, eta Frantziako hiriburuan bertan hil da.
Antzerkian egin zituen lehenengo urratsak, eta gero zinemara jauzi egin zuen, hasiera batean bigarren mailako rolak betez. 1972an, ordea, lehen planora pasatu zen Les Feux de la chandeleur filmarekin, eta, orduz geroztik, Frantziako zinemaren aurpegi ezagunenetakoa bilakatu zen.
Zinemagile ospetsuekin lan egin zuen (Bertrand Tavernier, Luis Buñuel), eta, batik bat, Patrice Leconterekin harreman luze eta sendoa izan zuen. Harekin filmatu zituen Tandem (1987), Le Mari de la coiffeuse (1990), Tango (1993), Les Grands Ducs (1996) eta L'Homme du train (2002), besteak beste.
Horretaz gain, Terry Gilliamen The Man Who Killed Don Quixote proiektu amaitu gabeko protagonista ere izan zen.
Orain dela bost urte, Donostiako Zinemaldian izan zen. Fernando Truebaren El artista y la modelo filma aurkeztu zuen orduko hartan.