Bat ala beste. Munduko artista bizirik garrantzitsuena ala merkatua baliatzen jakin duen kitcharen erregea. Nori galdetzen zaion, era batekoa ala bestekoa izango da Jeff Koons artistaz emandako deskribapena. Berak kezka handirik ez du, ordea. “Epaiaren desagerpenean sinesten dut nik. Epaiaren desagerpenaren bidez onarpenera heltzen zara, eta onarpen horren bidez objektu guztiak sartzen dira jokoan. Unibertsoa sartzen da jokoan”. Aski ezaguna du artistak Bilboko Guggenheim museoa. Berea da, izan ere, eraikin kanpoaldean dagoen Puppy txakurra, eta barrualdea ere hartu du oraingoan. Artistaren 40 urteko ibilbidea erakutsi eta 95 pieza biltzen dituen atzera begirako erakusketa erraldoia eskaini diote arduradunek. Eta pozik artista emaitzarekin. “Nire lanak ez dira inon hemen bezain dotore ikusi ahal izan”. Irailaren 27ra arte egongo da bertan.
Juan Ignacio Bidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendariak ere onartu du. “Ikono bat da Puppy Guggenheimentzat”. Eta antzera Koons berarekin ere: ikono bat da artista egungo arte munduan. Izarren arteko izar, eta arte merkatuko nagusia ere. Erraz errokonozitu daitezke horregatik bere lan ezagunenetariko batzuk erakusketan. Bertan dira, besteak beste, globo itxurako txakur erraldoiak, eta gainazal distiratsuko idi-bihotz eskulturak, adibidez. Baina biltzen ditu erakusketak Euskal Herrian hain ezagun ez diren pieza asko ere. Hori da, adibidez, 1976an New Yorken etxeko lan tresnekin sortutako serieen kasua, eta baita artista Cicciolina aktore italiarrarekin larrutan irudikatzen duten Made in Heaven pieza sortako eskultura eta argazki errealistena ere.
Kronologikoki ordenatuta dago bilduma. Bigarren solairu osoa hartzen du artistaren lanik zaharrenetatik hasten den ibilbideak, eta Koonsen azken sorkuntza lanekin ixten da erakusketa lehen solairuan. Aurrez New Yorkeko Whitney Museum of American Art-en izan da bilduma, eta baita Parisko Pompidou zentroan ere gero. Bilbokoa da erakusketari espazio gehien eskainiko dion museoa. Beste museoetan ikusi ahal ezin izan diren hainbat pieza ere hartzen ditu horregatik Bilboko bildumak.
Ikusleari ikuslea erakustea
Koherentzia eta sorpresarako gaitasuna. Bi ezaugarri horiek nabarmendu dizkiote artistari Scott Rothkopf eta Lucia Agirre komisarioek. “Beti gai berak lantzen ditu baina aldiro era berri batean”. Rothkopfek sakondu du azalpena: “Nekez topa liteke XX. edo XXI. Mendean beste artistarik Koonsek beste material landu dituena: zura, plastikoa, fibra, urrea, akuarioak, plexiglasa, etxeko lan tresnak... Zer beste artistak landu ditu hainbeste material eta zein beste artista bilakatu da maisu haietariko bakoitzean? Eta antzera gaiekin ere: loreak daude, autoerretratuak, kontsumo objektuak, heriotza, bizitza... Zer beste artista bizi ezagutzen dugu hainbeste gai garrantzitsu batu ahal izan dituena?”. Eta eman du laburpena esaldi bakarrean ere: “Alor askotan bide berri mordoa zabaldu ditu. Ikusgarria da zenbat lortu duen 40 urtean”.
Ispiluak eta distira dira nagusi erakusketan, eta artistak azaldu du horren arrazoia: “Afirmazioa da islaren funtsa”. Horixe baita Koonsen hitzetan artearen egiteko nagusia: “Artea da gizaki gisa duzun potentzialitate guztia erakusten dizuna”. Horregatik ispiluak, eta horregatik distira. Koonsen hitzetan ikuslea da beti artelana ixten duena, eta horregatik ikusleari bere irudia erakusteko dema hori. Neurri batean, ikuslea erakutsi nahi dio ikusleari bere piezekin. Artearen historiari egindako erreferentzia baso bat da bere piezetariko bakoitza, baina dioenez, horixe da bere helburu nagusia. “Nire piezak norberaren iraganarekin daude elkarrizketan, ez diote ikusleari bere burua baino eskatzen, nahikoa da horrekin”.