Jeff Koonsen distira guztiak

Jeff Koons artista estatubatuarraren 40 urteko ibilbidea hartzen duen atzera begirako erakusketa erraldoia zabaldu du Bilboko Guggenheim museoak.Haren 95 pieza batu dituzte guztira

Jeff Koons artista, bere azken sorkuntza lanetariko baten aurrean, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2015eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Merkatu osoak jainkotua eta kritikaren zati handi batek satanizatua egonik, ironia hautatu du Jeff Koonsek (York, AEB, 1955) bere posizioa deskribatzeko: «Uste dut kritikariak nire lanaren aski aldeko izan direla, batez ere kontuan hartuta hasieratik defendatu dudala kritikotasuna desagertzea, eta, funtsean, hori dela kritikarien bizibide nagusia». Irribarre zabala, eta jarraitu du azalpenarekin: «Kritikotasunaren eta epaiaren desagerpenaren bidez onarpenera heltzen zara, eta onarpen horren bidez objektu guztiak sartzen dira jokoan. Unibertsoa sartzen da jokoan». Aski ezaguna du artistak Bilboko Guggenheim museoa. Berea da, izan ere, eraikin kanpoaldean dagoen Puppy txakurra, eta barrualdea ere hartu du orain. Artistaren 40 urteko ibilbidea erakutsi, eta 95 pieza biltzen dituen atzera begirako erraldoia eskaini diote bertan. Eta pozik artista emaitzarekin. «Nire lanak ez dira inon hemen bezain dotore ikusi ahal izan». Irailaren 27ra arte egongo da bertan.

Ikono bilakatu da Puppy hirian, eta ikono da Koons ere arte munduan. Izarren arteko izar, bai eta bizirik dagoen artistarik kotizatuenetariko bat ere. Maisuki uztartu ditu beti bere anbizio artistikoa eta arte merkatuaren aldeko haizea. Eta esanguratsua da, horregatik, anekdota. Zeukan diru guztia sorkuntzara bideratu, eta behin baino gehiagotan jo zuen erreka hastapenetan, eta balio dezake horrek haren sorkuntza gosea azaltzeko. Baina hamaikagarrenez dena galdu zuenean, burtsako agente lanetan hasi eta hala berreskuratu zituen galdutako sosak. Eta balio dezake horrek haren salmenta gaitasunak deskribatzeko. Eta bi eremu horien arteko talkan kokatzen dira maiz hari buruzko iritziak. XXI. mendeko Leonardo Da Vinci moduko baten mailara goratzen dute batzuek, eta kitsch-aren eta gustu txarraren lokatzera beheratzen besteek. Eta 40 urteko ibilbidean maisuki gobernatu du bere txalupa artistak gatazka horretan. Arrakasta baten istorioa da, horregatik, Bilboko erakusketakoa.

Kronologikoki ordenatu dituzte piezak, eta artistaren serie guztiak bildu dituzte. Den-denak. Bigarren solairu osoa hartzen du artistaren lanik zaharrenetatik hasten den ibilbideak, eta azken sorkuntza lanekin ixten da erakusketa, lehen solairuan. Erraldoia da ibilbidea, eta erraz antzematen zaie bertan Koonsen marka bilakatu diren lan ezagunenetariko batzuei. Han dira, besteak beste, globo itxurako txakur erraldoiak, eta gainazal distiratsuko idi-bihotz eskulturak. Baina bildu dituzte hain ezagun ez diren pieza asko ere. Hori da, adibidez, 1976an New Yorken etxeko lan tresnekin sortutako seriearen kasua, eta hori da Koons bera emazte zuen Cicciolina aktore italiarrarekin larrua jotzen irudikatzen duten Made in Heaven pieza sortako eskultura eta argazki errealista eta esplizituen kasua ere. Eta hain justu ere, horixe da bere ibilbideko lanik kritikatuena.

Soluzio perfektuak

Ikur bilakatu dira beste lan asko. «1997an, praka labur eta sandalia negargarri samarrekin, argazki bat atera nuen nik neuk ere Puppy-ren aurrean, Bilbon izan nintzen lehenengo aldi hartan». Scott Rothkopf atzera begirakoaren komisarioak ezagun zuen Koonsen lana, baita Bilboko museoa ere, eta bera izan da orain atzera begirakoa antolatu duena. Whitney Museum of American Art museorako prestatu zuen erakusketa berez, baina Parisko Pompidoun ere izan da, eta Bilbora heldu da handik. Lucia Agirre komisarioak egokitu du bilduma Bilboko eraikinera. Bat egin dute bi komisarioek Koonsen ezaugarri nagusia deskribatzerakoan: «Beti gai berak lantzen ditu, baina aldiro era berri batean». Nekez Koonsen mailako artistarik munduan, Rothkopfen hitzetan. «Zer beste artistak landu ditu hainbeste material eta zein beste artista bilakatu da maisu haietariko bakoitzean?».

Agirreren azalpena: «Koonsek soluzio perfektuak ematen dizkie piezei». Azken xehetasuneraino zaintzen ditu pieza guztiak, eta 150 laguntzaileko talde bat du horretarako bere estudioan. Orban edo ertz okerrik txikiena ere ez, horregatik, Bilbon bildutako globo, ispilu eta eskulturetan. Hor dago, esaterako, Oreka seriearen kasua. Hartu Oreka perfektuan dauden hiru baloidun arrainontzia pieza, adibidez. Ur tanke baten erdian sartutako hiru saskibaloi baloi dira 1985ean sortutako pieza horren funtsa. Baloi batzuk uretan; hori baino ez. Eta, halere, obsesioraino zainduta daude detaileak. Ur tankearen erdi-erdian daude baloiak, marrak lurrarekin paraleloan, eta zehatz-mehatz kokatuta: distantzia bera dute tankearen sabaira eta zorura. Zientzialari sorta baten laguntza izan zuen Koonsek oreka hauskor hori lortzeko, Richard P. Feynman Nobel saridunena, tartean. Eta antzera beste piezekin ere.

Badu umore beltz ukitu bat ere serie horrek. Heriotzaren eta bizitzaren arteko oreka hauskorrean kokatzen ditu bildumako bi pieza sortzaileak. Brontzezkoak dira Aqualung urpeko igeriketarako jaka eta Salbamendu txalupa izeneko artelanak, urpeko igeriketarako jaka baten eta salbamendu txalupa baten erreplika zehatzak biak. Eta hor dator jolasa. Hilezkortasun kutsu bat ematen die brontzeak, baina, hain justu ere, material horren zamak bilakatzen ditu erabilezin. Salbamendua eskaini, baina heriotza ezkutatzen dute.

Marcel Duchamp eta Salvador Dali. Horra Koonsen genealogia artistikoan funtsezko diren bi izen. Nabaria da Duchampen eragina, esaterako, Koonsek eguneroko objektu arruntak arte gisa aurkezteko duen joeran, eta Daliren arrastoak ere igar daitezke Bilboko erakusketan. «Munduko pertsonarik eskuzabalenetariko bat zen». 18 urte zituenean ezagutu zuen Koonsek Dali, New Yorken, eta harekin izandako enkontrua ekarri du akordura Bilbon. «Dalik barrurantz jotzen eta neure buruan sinesten erakutsi zidan». Laburra izan zen topaketa baina, Koonsen hitzetan, marka sakona utzi zion. «New Yorkeko galeria batean zabaldu zuen erakusketara eraman ninduen, eta oso eskuzabal aritu zen nirekin. 'Nik ere egin dezaket hori' pentsatuz atera nintzen gau hartan erakusketa hartatik. 'Izan naiteke abangoardia underground baten parte, eta atera dezaket bizimodua hortik'». Sorkuntzarako eta merkaturako jenioa berriz ere eskuz esku.

Ikusleari ikuslea erakustea

Autoafirmazioa. Etengabe erabili du Koonsek hitz hori ezpainetan Bilbon. Eta bere lanarekin lotu du. Horregatik ispiluak, eta horregatik distirak. «Afirmazioa da islaren funtsa». Horixe baita, Koonsen hitzetan, artearen egiteko nagusia: «Artea da gizaki gisa duzun potentzialitate guztia erakusten dizuna». Koonsen hitzetan, ikusleak ixten du beti artelana, eta horregatik ikusleari bere irudia erakusteko dema hori. Neurri batean, ikuslea erakutsi nahi dio ikusleari bere piezekin. Eta nahiz eta bere piezak artearen historiari egindako erreferentzia baso trinko bat diren, ikuslea da beti piezaren funtsa. «Nire piezak norberaren iraganarekin daude elkarrizketan, ez diote ikusleari bere burua baino eskatzen; aski da horrekin».

Kazetariek merkatuaz galdetu, eta arteaz erantzun Koonsek. «Oso abstraktua zait maiz arteari atxikitzen zaion alde ekonomiko hori. Beti saiatu naiz nire lanak ahalik eta eraginik handiena izan dezan lagunduko duen azpiegitura politiko bat sortzen, baina jendea prezioez mintzo zaidanean tarte bat behar izaten dut ohartzeko kontu hori nirekin lotuta dagoela. Arteak duen ordaina sosez erabat bestelakoa da». Transzendentzia aipatu du. «Nire lanen bidez indarberritu egiten naiz, eta Manet eta Corbet eta Velazquez eta Hercules sortu zuen komunitatearekin konektatuta sentitzen naiz. Hori da artearen balioa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.