«Jendeak ez du musika eduki nahi, ahalik eta gehien entzuteko aukera baizik»

Lutz Emmerich Spotifyko Espainiako arduradunak musika kontsumo berriak laudatu ditu Donostian

gorka erostarbe leunda
Donostia
2010eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Musika entzuteko, erosteko, kontsumitzeko ohiturak asko aldatu dira azken boladan. Internetekin loturiko teknologia berriek eragin zuzena izan dute musikazaleen kontsumo moldeetan. Spotifyprograma da azken eraldaketa handia eragin duena. Musika saretik deskargatu beharrik izan gabe, momentuan entzuteko aukera ematen du, eta kantu biltegi amaigabea osatuta dauka. «Musikarako sarbidea errazteko» modua egin du Spotifyk, enpresa suediarrak Espainian duen arduradun Lutz Emmerichek (Wiesbaden, Alemania, 1968) adierazi duenez. Euskal Herriko Diskoetxeen Elkarteak (EHDE) teknologia berrien eta diskoen merkatuen inguruko jardunaldiak egin ditu bi egunez Donostiako Kursaalean. Hitzaldia eman zuen Emmerichek atzo, musikaren sektoreko profesionalen aurrean.

Gaur egun Spotifyk 10 milioi kantutik gora entzuteko aukera eskaintzen du ordenagailuaren bidez eta dohainik. Etorkizunean «mundu osoko kantu guztiak» eskaintzeko helburua dute. Kopuruari erreparatzen dio Spotifyk, baina «kalitatea bazter utzi gabe». Doako zerbitzua erabiltzen duen entzuleak «oso kalitate onean» entzun dezake musika, Emmerichek dioenez: 160 Kb/segundoko abiaduran, hain zuzen ere: «CD batek duen kalitate bera da hori».

Spotifyk munduko lau diskoetxe nagusiekin, lau major-ekin, hitzarturik dauka akordioa beraien musika entzungai jartzeko: Universal, Sony BMG, Emi Music eta Warner Bros. Diskoetxe txikiago eta musika proposamen bereziagoei ateak ez dizkiete ixten, ordea: «Lau handiek munduko musikaren %80 hartzen dute. Guk beste %20 ere eskaini nahi genuke, eta, horretarako, enpresa bitartekariekin ere akordioak sinatzen ari gara». Multinazional handiekin hitzarmenak izan arren, badira zenbait talde ezagun Spotifyren bidez entzun ezin direnak. The Beatles, AC/DC eta Pink Floyden egile eskubideak dituztenek, esaterako, ez diote hartarako baimenik eman: «Zabalkunderako bide digitala ez dute erabili oraindik ere talde horiek, ez Spotifyrekin eta ez beste inorekin. Urrats hori egiten dutenean, ongietorria emango diegu».

Emmerichentzat «urratsa» baita baliabide digitalak erabiltzea musika entzuteko, eta urrats horren bilakaera gorena Spotifyk eskaintzen duena: «Jendeak ez du musika eduki nahi, ahalik eta musika gehien entzuteko aukera izan nahi du, eta guk hori eskaintzen dugu modu erraz batean. Diskoetxeekin eta egileen eskubideak kudeatzen dituztenekin akordioak ditugu, beraz, pirateriaren ordezko aukera egokiena gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.