Hedatze baten historia da Maider Lopezena (Donostia, 1975). Pintura landu zuen hasiera batean, baina egun batez haren margolanek gainditu egin zuten markoa, eta hormetara hedatzen hasi ziren. Hormetatik areto osora zabaldu zen haren interesa, eta, azkenik, museotik kalera jo zuen. Espazioa da egun Lopezen lan materiala. Jendeak hartaz egiten duen erabilera. Joan-etorrikoa da, izan ere, harremana. Eragina dute guneek jendearen jarrera eta harremanetan, baina jendeak ere badu guneak eraldatzeko indarrik. Hori da, behintzat, Lopezek bere lanetan aldarrikatzen duena. «Jendeak egiten duen hiriaren erabilerak gidatu beharko luke hiriaren diseinua, eta ez alderantziz». Gure Artea saria jaso zuen atzo, Bilbon.
Sariarekin pozik egongo zara.
Bai. Oso ongi datoz halako sariak. Askotan gaztetasuna da saritzen dena, eta saritu beharra dago gaztetasuna, indarra emateko. Baina atera diren artista gazte horiek, bidea hasia duten artista horiek ere mantendu egin behar dira. Artearen aldeko apustua egina dutenean, lagundu egin behar dira artistak. Eta, horregatik, oso sari ona iruditzen zait. Oso momentu onean etorri zait.
Herbehereetatik etorri berria zara, eta berriz hara bueltatzekotan zara berehala. Han egin duzu zure azken proiektuetariko bat, Polder Cup. Itsasoa baztertuz sortzen dituzten lur eremu horietan, kanalak ere barnean hartzen dituzten hainbat futbol zelai marraztu dituzu.
Futbol partida batzuk antolatu genituen iaz sortutako zelai haietan, eta orain, orduko esperientzia hari buruzko publikazioa, bideoa eta erakusketa prestatzen ari naiz. Oso garrantzitsua da niretzat lan egindako horretan sakontzea. 2005ean auto ilara bat sortu genuen Intzan (Nafarroa),mendi bide batean [Ataskoa lanaz ari da]; beste batean, Zumaian (Gipuzkoa) hondartzan oihal gorriak eman genizkien bertaratzen ziren guztiei. Herbehereetan futbol partida antolatu nuen... Esperientzia horiek pasatuta ere lanak bizirik jarraitzen du, eta hori garatzea oso garrantzitsua da. Gaur egun instituzioek lan jakinak testuinguru jakinetarako nahi dituzte, baina gero inaugurazioa egiteko presak irentsi egiten ditu lan horiek. Eta nire lanek bi alde izaten dituzte: esperientzia bera, batetik, eta hartatik abiatuta sortutako bigarren lan mota bat, bestetik, esperientziak museo eta galerien mundura itzularazten dituena. Bideo moduan, argazki moduan...
Ikusleen parte hartze handia da zure lan gehienen ezaugarrietariko bat.
Bai. Ikuslea desagertu egiten da, eta jendeak aktiboki hartzen du parte piezan. Jendearen esperientzia da artelana sortzen duena. Eta errealitateari buruzko ikuspegi berri bat sortu nahi izaten dute nire artelanek. Espazio publikoari buruzko berrirakurketa bat sortzea da nire asmoa, espazio horretan bizi eta harremanetan jartzeko dugun moduari buruzko gogoeta piztea.
Jendearen jarrerak bideratzea izaten da hirigintzaren helburuetariko bat, izan ere, eta zure lanetan etengabe dago ezarritako bide horiek boikotatzeko asmo bat. Emandako espazio horri beste interpretazio bat bilatzeko nahia.
Nire lanaren abiapuntu garrantzitsuetariko bat da hori. Hiriaren diseinuak eragina du gure jarreretan eta elkarrekin harremanetan jartzeko dugun moduan. Bideak markatuta, nondik ibil gaitezkeen zehazten digute; jartzen zaizkigun aulkiekin, non eser gaitezkeen... Nik proposatzen dudana alderantzizkoa da. Jendeak egiten duen hiriaren erabilerak gidatu beharko luke hiriaren diseinua.
Zure asmo horrek, baina, aurrez aurre egiten du talka azken aldian bizi dugun espazio publikoa zuzentzeko gero eta modu estuagoarekin.
Pibote politika da orain nagusi. Jadanik debekua ez da lurrean egindako marra batez adierazten. Legea malguagoa edo zorrotzagoa izan daiteke egoeraren arabera lurreko marrekin, baina piboteekin ezin da halakorik egin. Hirigintza politika debekuaren aldekoa da, besteen jarrerak zuzentzearen aldekoa. Nik aldarrikatzen dut jendeak bere ingurua aldatzeko duen gaitasuna.
Espazio publikoez gain, artearentzako espazioak ere landu dituzu zure lanetan: galeriak, museoak...
Ideia bera lantzen dut bi ildoetan. Berrirakurketa bat eragiten duten lanak sortzea da nire asmoa. Artiumen, esaterako, erakusketa espazioaren habeetariko bat jaitsi egin nuen. 1,70 metroko altueran jarri nuen pasekoa zen gune batean, eta ikuslearengan mugimendu bat sortzen zuen. Alturaren arabera, makurtu egin behar ziren batzuk, doi-doi pasatzen ziren besteak, eta umeak ohartu ere ez ziren egiten aldaketaz. Lan horrek behartzen gaitu espazio horren eraikuntzaz ohartzera. Espazio horren erabilpena aztertu, eta beste interpretazio bat bilatzea zen asmoa.
2004an New Yorken Leihoak izeneko lanean marra gorri batzuk marraztu zenituen aretoko horman. Baina leihoaren islan sortzen zuten jolas optikoa zen giltza. Leku jakin batean jarri eta kanpora begiratuta, ikuslea ohartzen zen marra horiek kanpoko hiri paisaiaren lerroekin bat egiten zutela. Museoek kanpoko munduarekin bat egiteko duten beharraren metafora gisa uler liteke?
Bai. Barrukoaren eta kanpokoaren arteko jolas hori badago nire lanetan. Saiatzen naiz kanpokoa barneratzen eta barrukoa kanporatzen. Horregatik maiz ez ditut espresuki artearen esparruak diren espazioak erabiltzen. Plazara jotzen dut, edo jendeak erabiltzen duen futbol zelai bat eraldatzen dut, adibidez. Baina, horrez gain, New Yorkeko lanean pisu handikoa den beste gai bat ere lantzen dut: ikuspuntuarena. Leku jakin batean bakarrikfuntzionatzen du barruko eta kanpoko irudiak batzeko jolas horrek.
Ataskoa lanari buruz esan zenuen zure asmoa «ekintza ergel bat» sortzea zela. Zein da absurdoaren garrantzia zure lanetan?
Egoera arrunt bat testuingurutik ateratzen jolasten dut maiz. Auto ilarak ohikoak izaten dira, baina ez Intzako mendi errepidean. Absurdoa bilatzen dut egunerokoez bestelako egoera batzuk sortzen saiatzeko. Egoera ezin da ulertu, baina haren inguruan beste gogoeta bat pizten du jendearengan. Arrarotasunaren bilaketa hori ez da nire lan guztietan dagoen zerbait, baina askotan ageri da. Bisualitatea mantentzen ere saiatzen naiz nire lanetan. Ez da, beste artista askoren kasuan bezala, esperientziabat sortu nahi dudala soilik,estetika bat ere eman nahidiot. Biak mantentzen saiatzen naiz.
Francis Alys artistaren hitzetan, fabulak sortzea da egun artistaren eginbeharretariko bat. Belaunaldiz belaunaldi kontatuko diren esperientziak sortzea. Hori bilatzen ei du Alysek bere ekintza artistikoekin. Bat egiten duzu ideia horrekin?
Bai. Behar ditugu fabulak, baina beharrezkoa zaigu errealitatea ikuspegi desberdinetatik begiratzea ere. Oso mediatizatuta gaude. Bakoitzaren gaitasuna eta kontzientzia piztuko duten ekintzak ere behar ditugu. Edozein egoeraren berrirakurketak bultzatzen dituzten ekintzak.
Nola sortzen dituzu zure piezak?
Testuinguru jakin baterako sortzen ditut. Lan bakoitzean, beraz, lekura bertara joaten naiz, eta ikertu egiten dut hango espazioa. Jendeak nola jokatzen duen, espazioaren berezitasunak... Begiratzea da giltza, eta lan ildo orokor batzuk baditudan arren, gune bakoitzean hutsetik hasten saiatzen naiz.
Pintura egiten zenuen, hasiera batean. Nola egin zenuen salto ekintzekin lotuago dauden beste adierazpideetara?
Atzera begiratuta, oso logikoa dirudi ibilbideak. Pintura ikasi nuen unibertsitatean. Erakusketa batean baina, pintura koadrotik atera zen, eta gehiago hasi zitzaidan interesatzen koadroen arteko harremana koadroan bertan gertatzen zena baino. Gero, galeriaren espazioa ikertzen hasi nintzen, eta kalera joan nintzen ondoren. Kalean hasi nintzenean, pixkanaka gero eta gehiago interesatzen zitzaidan jendearen artean sortzen zen harremana, obra bera baino gehiago. Eta hala heldu naiz oraingo egoerara. Orain oso logikoa dirudi denak, baina unean unean deskubrimendu bat izan zen urrats bakoitza.
Eta zein da hurrengo urratsa?
Giza harremanetan jarraituko dut, bai. Oraintxe bertan, hala ere, interes handia pizten dit espazio publikoan tranformazio txikiren bat egin eta jendeari hartan eragiten uzteak. Gauza txiki eta isilekin lortu daitekeen espazio publikoaren eraldaketa interesatzen zait. Horretan nabil orain. Jendeak bere kabuz eraldatuko ditu gune horiek.
Artistaren desagerpena, beraz?
Bai, hori da.
Maider Lopez. Artista
«Jendeak ingurua aldatzeko duen gaitasuna aldarrikatzen dut»
Jaurlaritzak emanten dituen Gure Artea sarietako bat jaso du, sorkuntza garaikideari egindako ekarpenagatik nabarmendutako artistari emandakoa. Espazio publikoaren erabilera da Lopezen lanaren ardatzetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu