Eneko Olasagastik zuzenduta, Mattin Irigoienen Jendeen jende (Alberdania)antzerki obraren irakurketa antzeztua egingo dute Kitzikatzank taldeko aktoreek datorren larunbatean, Donostiako Kursaaleko Kubo aretoan (19:00). Sarrera doan izango da. Aña Arregi, Argitxu Elixerri, Laida Harluxet, Battit Kastillon eta Pettan Prebende dira emanaldian parte hartuko duten Kitzikatzank taldeko aktoreetako batzuk. Haiekin batera, Aitor Beltran aktorea ariko da, pertsonaia bilbotarraren rolean. Zuzendari lanetan, Olasagastik Irigoienen gertuko laguntza izan du.
Jendeen jende lanarekin Donostia Hiria antzerki saria irabazi du aurten Mattin Irigoienek, euskarazko obren atalean, eta Kutxa Fundazioa, lehiaketa antolatzeaz gain, lehiaketa horretan saritutako lanak taulara eramateko ahalegina egiten ari da.
Familia batean gertatzen da Jendeen jende. Erretreta hartu ondoan bere sorterrira itzulia den izebak familiako zuhaitz genealogikoa egina du, eta 400 askaziz gora aurkitu ditu bere ikerketan. Besta batera gonbidatuko ditu denak, eta ustekabeak sortuko dira. Euskaltasunaren inguruan irri egiteko obra da Irigoienena.
'Jendeen jende' obrak irakurketa antzeztua izango du etzi Donostian
Kitzikatzank taldeko aktoreek irakurriko dute Donostia Hiria irabazi duen lana, Eneko Olasagastik zuzenduta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu