Atzo arratsaldean Eneko Olasagasti zinemagilearen hitzaldiarekin abiatu zen ofizialki Durangoko Liburu eta Disko azoka, baina goizetik zebilen jendea egoitzaren aterbe den Landako gunean. Goizean zabaldu baitzituzten azokako ateak. Ostirala eta laneguna izanik, ordea, eskoletako ikasleak eta sektoreko profesionalak izan ziren atzoko bisitari nagusiak; gainerakoan, lasaia izan zen giroa.
Gaur bestelakorik da. Asteburuarekin eta lehen jaiegunarekin batera hasi dira bisitarik hurbiltzen, eta Landako guneko saltokietan pilatutako jende multzoak ikusten. Egun guztian iraun du joera horrek, eta kanpoan giroa euritsua eta hotza izan arren, beroa izan da azoka barrukoa.
Gainera, azoka hutsetik harago kultur egitarau oparoa prestatu du Durangoko Azokak gaurko, eta liburu eta diskogintzako eskaintza bertatik bertara ezagutzeko parada ez ezik, hainbat ekitalditan parte hartzeko aukera izan da. Besteak beste, Finlandia denez aurten herrialde gonbidatua hango literaturari buruzko hitzaldia izan da; halaber, Hamaika Telebistaren aurkezpena egin dute, laburmentraien maratoia izan da arratsaldean zehar eta iluntzean Argizaiola saria emango diote Juan Zelaiari.
Kultura
Jendetsu eta bero ekin dio asteburuari Durangoko azokak
Atzo laneguna izanik liburu eta diskogintzaren arloko profesionalak eta eskoletako ikasleak izan ziren nagusi Landakon. Gaur, ordea, jaiegunarekin batera jende mugimendu handia sumatu da egun guztian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu