Jesus Mari Lazkano (Bergara, Gipuzkoa, 1960) artistak ia berrogei urte daramatza inguruari behatzen, eta ingurua koadroetara eramaten. Errealitateari begiratzeko modu berrien bila, tamaina handiko lanak egin ohi ditu, errealismoz beteriko paisaiak, eremu geografiko eta izaera askotarikoak. Orain, Kutxa Fundazioak artistaren ibilerako 100 lan baino gehiago hautatu ditu, eta ikusgai jarri ditu Kubo Aretoan, Donostian. Gaur ireki dute Lazkano.Ikusmira erakusketa, eta urriaren 16ra arte izango da zabalik.
Aretoan tamaina handiko koadroak ikus daitezke, hiri eremuko mikropaisaietatik hasi, eta inguru natural eta zabaleko margoetara. Obretan zehar, Lazkanoren ibilera artistikoaren garapena igarri daiteke, paisaia lantzeko moduei buruzko hausnarketa eta horren aplikazioaren bitartez. Bilboko hastapenetatik hasi eta Erroma zein New Yorkeko esperientziek haren koadroetan izandako eragina ere nabaria da lanetan. Paisai errealetatik abiatuz, toki ezberdinetako elementuak edo perspektiba ezberdinak uztartzen ditu koadro bakarrean, ikuslea zalantza egoera batean jarriz. Javier Gonzalez de Durana komisarioak aurkezpenean azaldu duenez, Lazkano paisai artearen tradizioaren "oinordeko" da, baina, aldi berean, "ez da horretan gelditzen, berritu egiten du".
Artista pozik agertu da erakusketarekin, "haren bizi ibilbidea" agertzen duelakoan, eta aldi berean, hausnarketarako ere balio diola azaldu du, orain arte egindako akatsetatik ikasi eta hurrengo lanetan hobetzeari begira. Hori ona izanagatik, erronka ere badakarkio: "Hurrengo lana are zailagoa izango da".
Asteartetik igandera izango da zabalik erakusketa, 11:30tik 13:30era, eta 17:00tik 21:00etara, doan. Gainera, bisita gidatuak eta tailerrak ere antolatu dituzte erakusketaren inguruan.