Artea

Jirafek hartutako jauregiak

Ignacio Goitia artistaren hiru hamarkadako lana biltzen duen erakusketa zabaldu dute Bilboko Rekalde aretoan

Ignacio Goitia artista Bizkaiko Foru Aldundiko ardurdunekin, Bilboko Rekalde aretoan. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Inigo Astiz
2019ko urriaren 25a
14:58
Entzun

Klasizismoa eta umorea. Etengabeko erreferentziak dira biak Igancio Goitia margolariaren lanetan (Bilbo, 1968). Horregatik bete ditu Bilboko Rekalde aretoko gelak jauregi, arku eta lorategi arranditsu errealisten eta ezinezko eszenen irudiekin. «Mugimendu modernoa hasi zenetik beretik gutxietsita geratu dira tradizioa eta historia», azaldu du sortzaileak. «Beharrezkoa zen ordu hartan lengoaia berriak bilatzea, eta, horretarako, iraganarekin apurtu beharra zegoen, baina sasoi hartan sortutako haustura hori da, hain zuzen, denborarekin, tradizio bilakatu dena, eta haustura horren aurreko tradiziora bueltatzen naiz ni, erakusteko modernitatearen aurretik gertatutako guztia ere oso garrantzitsua izan zela, eta oraindik ere, adibidez, gure hirien oinarrietan presente dagoela. Iragana, orainaldia eta etorkizunak, denak daudelako presente orainaldian». 30 urte daramatza lan ildo horretan, eta hiru hamarkadako ibilbide hori erakusten du orain Bilboko erakusketak. Urtarrilaren 26ra arte ikusi ahal izango da.

Aldarrikapenerako tresna da umorea, bestalde, artistarentzat, eta darabiltzan irudiek, lehen begiratuan, dibertimendu soila irudi lezaketen arren, besteak beste, migrazioa, kontrola, sexu askatasuna eta boterekeria lantzeko tresna bilakatzen dira Goitiaren eskuetan. Hori da bere hasierako sasoiko lanetan etengabe ageri diren jirafen kasua ere. Jirafak, adibidez, Erromako Partenoian. Jirafak frantziar estiloko lorategietan. Jirafak hesi baten atzetik Chambord gaztelu ikusgarriari urrutitik begira. Jirafak hirietako etorbide zabaletan.

Eta zergatik hainbeste jirafa?

Bada, ez da apeta hutsa, Goitiak azaldu duenez. «Inpresionatzeko sortutako arkitektura da, boterea inposatzeko eraikitakoa. Hortik dator eraikinen handitasuna, eta badirudi kasik gehiago daudela eraikita, adibidez, jirafa batentzat edo jainkoren batentzat, pertsonentzat baino».
Erabat errealista da artistaren marrazkera, baina eszenek beti dute ukitu surrealista bat. Larruz jantzitako gizonak ikus daitezke jauregi baten luxuz inguratuta. Polizia taldeak egongela barroko baten barruan, biluzik dagoen gizon baten ipurdia gertutik begiratzen. Luis XVI.aren estilora jantzitako hirukote batek daraman aterkiaren gainean aurreskua dantzatzen duen mutila. Bilboko Kale Nagusian paseoan dabiltzan lord ingelesak...

Dena uzteko zorian

Zirkularra da erakusketaren ibilbidea: marraztu zuen lehen koadroak ematen dio hasiera, eta marraztu duen azkeneko lanak ixten du, baina elkarren ondoan daude bi koadroak erakusketako lehen gelan. Gutxi gorabehera kronologikoki antolatuta daude hortik aurrerako lan guztiak, artistaren sasoian sasoiko kezka eta joeren erakusgarri. Beti igar daiteke klasikotasunarekiko zaletasuna, ordea, eta umore ukitu hori.

Esfortzuaren alegoria du izena bisitariari harrera egiten dion lanak, eta bere ibilbide osoaren laburpen modura aurkeztu du koadroa Goitiak. Behin baino gehiagotan egon da dena bertan behera uzteko zorian, baina eutsi egin dio, halere. Madrilen egindako erakusketa batera egindako bidai izan du gogoan, adibidez. «Koadroz betetako furgoneta alokatu batean gindoazen, eta argi nuen erakusketa hartan koadro bat saldu ezean beste ofizioren baten bila hasi beharko nuela, eta, zorionez, koadro bat saldu nuen».

Eta hala, beraz, urratsez urrats.

Gazteluko sabairako freskoa

Azken gelako sabai osoa hartzen duen fresko bat da ibilbideko azken margolana. Zehatz irudikatuta daude eraikin kolonialak bertan, Errenazimentuko jauregiak, lorategi handientsuak, eta berdin zeruko hodei artean hegan diruditen elefanteak ere. Berez, Frantziako Loira haraneko XVIII. mendeko Le Fresneko gaztelu historikoko jantokiko sabaian dago jatorrizko margolana, eta haren erreprodukzio bat da Bilbon ikus daitekeena.

Normalean, hiru zatitan banatu ohi dute Rekalde aretoko espazioa arduradunek, eta erakusketa bat egon ohi da ikusgai haietako bakoitzean. Oraingoan, ordea, oso-osorik bete du Goitiak dena: kalera ematen duen erakusleihotik hasi, hallean jarraitu, eta erakusketa gune nagusian amaitu.

Artistaren protagonismoa aldarri

Goitiak berak hautatu eta muntatu ditu lanak. «Gaur egun, artistek baino garrantzi handiagoa hartu dute kritikariek, komisarioek eta bestek, eta sortzailea bigarren edo hirugarren mailan geratu ohi da horregatik. Horregatik aldarrikatu nahi izan dut artista ere badela kapaza bere mundua erakusteko».

Baina ez da soilik Rekalde aretoa. Hurrengo astean Bilboko Lumbreras galerian beste erakusketa bat zabalduko du artistak. Miamin (AEB) erakutsi berri dituen bere azken margolanak erakutsiko ditu. Eta, bestalde, bere ibilbide artistikoari errepasoa egiten dion 400 orritik gorako liburu bat ere kaleratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.