Jiri Menzel zinemagile txekiarra hil da

Menzelek Oscar saria irabazi zuen 1967an, ‘Ostre sledovanevlaky' filmagatik. Iragan larunbatean zendu zen, 82 urterekin.

Jiri Menzel zinema zuzendaria. JANOS VAJDA, EFE
Berria
2020ko irailaren 7a
16:03
Entzun

Menzel Txekoslovakiako Olatu Berria (Nova Vlna, txekieraz) zinema mugimenduaren aitzindarietako bat izan zen 1960ko hamarkadan, eta 29 film zuzendu zituen, horien artean Skrivanci na niti (Hegatxabalak alanbrean, 1969), Postriziny (Guraize-ebakiak, 1981), Vesnicko ma, strediskova (Nire herrixka gozoa, 1986) edo Obsluhoval jsem anglickeho krale (Ingalaterrako erregea zerbitzatu nuen, 2006), besteak beste.

Ingelesez besteko film onenaren Oscar saria irabazi zuen 1967an, 29 urte zituela, bere lehen film luzearekin, Ostde sledovane vlaky (Zorrotz zaindutako trenak, 1966). Pelikula Bohumil Hrabal idazle txekiarraren izen bereko eleberrian oinarrituta dago, eta II. Mundu Gerran Hirugarren Reichak okupatutako Txekoslovakian girotuta. Europako zinemaren gailurreko lanetako bat da, adituen arabera.

Lortutako arrakasta gorabehera, erregimen txekiarrak Menzelen bi lan debekatu zituen, Oscar saria jaso zuena eta Skřivánci na niti. Azken hori ere Bohumil Hrabalen liburu batean oinarritua dago. Debekuen ostean, Menzelek ez zuen lan gehiagorik zuzendu 1974ra arte.

1980ko hamarkadan, idazle beraren liburuetan oinarritutako beste film batzuk zuzendu zituen, hala nola Postriziny, Slavnosti snezenek (Kanpai berdeen festa, 1983) eta Vesnicko ma, strediskova, ingelesez besteko film onenaren Oscar sarirako izendatu zutena. Guztira, Hrabalen sei lan eraman zituen pantailara.

Zinema zuzendari gisa egindako ibilbide luzeaz gain —2013an Donsajni (Donjuan) filmarekin amaitu zuena—, Menzelek antzerkia zuzendu zuen, zinema irakaslea izan zen, eta ikus-entzunezko 70 ekoizpen baino gehiagotan aritu zen. Pragan hil da, jaioterrian, gaixotasun luze baten ondorioz, haren emazteak Facebook bidez jakinarazi duenez.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.