Joan Mari Torrealdai omendu dute, zentsura frankista azaleratzeko egindako lanagatik

Zentsura eta literatura: memoria eztabaidatuak nazioarteko biltzarrean egin diote aitortza, Donostiako Miramar jauregian. Pozik azaldu da Torrealdai zentsuraren gaineko ikerketak jarraipena duela ikusita, eta egun "zentsura likidoa" dagoela aipatu du, "era guztietako formak hartzen dituena".

itziar ugarte irizar
2018ko ekainaren 22a
16:22
Entzun

Jakintza eta ekintza. Bere ibibidea bien gurutzaketa etengabean egiteagatik omendu dute, gaur goizean, Joan Mari Torrealdai (Forua, Bizkaia, 1942) idazlea, kazetaria eta euskaltzaina, besteak beste. Oparoa da Torrealdaik hamarkadetan egin duen lana, eta, batik bat, gai bateko zein besteko jakintza herriaren esku uzteko egindako ahalegina goraipatu diote. Antolatzaileen arabera, bera da euskal kulturgintzan zentsura frankistak izandako eragina sakonen ikertu duen pertsona, eta, horregatik, gaurkoa Torrealdai omentzeko "marko ezin hobea" izan dela aipatu du Andres Urrutia euskaltzainburuak bere aurkezpenean.

Torrealdaik idatzitako obra ere gogoan hartu dute ekitaldian; 1977an kaleratutako Euskal idazleak gaur-etik hasi, eta Euskal kultura gaur (1997), El libro negro del euskera (1998), Artaziak. Euskal liburuak eta Francoren zentsura 1936-1983 (2000) eta berriki kaleratu duen Asedio al euskera (2018) arte, besteak beste. Obra horretako zenbait pasarte irakurriz itxi dute omenaldia, eta Mariasun Landa, Martxelo Otamendi, Lorea Agirre, Jon Zarate, Miren Azkarate, Joseba Intxausti eta Nerea Mujikak hartu dute hitza.

Atzo hasi zen zentsuraren eta literaturaen gaineko biltzarra, Donostian. Gaurko egunari Torrealdaik eman dio hasiera, eta Lourdes Otaegi EHUko irakaslea ondoan zuela aritu da bere ibilbidean ikusi-ikasitakoez. Definizio orokor bat jarri dio zentsurari, haren esanetan, frankismorako nola balio duena gaurko egunetarako: "Aginte publikoak edizioaren eta difusioaren gain duen kontrola". Frankismoko zentsuraren kasuan, baina, bi berezitasun nabarmendu ditu: "aurretiazko zentsura" izan zela eta "aparatu oso bat" izan zuela erroan.

Gertutik ezagutu zuen zentsuraren aparatua Torrealdaik. Jakin aldizkariaren zuendari zela, 1969an aldizkaria nola itxi zuten hartu du dogoan, tartean, harik eta 1977an berriz kaleratzea lortu zuten arte. Giro hartan, zentsurak Euskal Herrira "basamortu kulturala" ekarri zuela azaldu du, eta frankismoaren ostean zabaldu zen "desmemoria programatuaren" ondorioak euskal gizarteak oraindik bizi dituela erantsi.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.