Musika

John Zorn, Jamie Culllum eta Melody Gardot Donostiako Jazzaldirako

Uztailaren 22tik 26ra egingo da jaialdiaren 50. ekitaldia, eta bertan izango dira Benny Golson, Gregory Porter, Dee Dee Bridgewater eta Jimmy Cliff.

Jamie Cullum, orain dela bi urte, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
mikel lizarralde
2015eko otsailaren 27a
13:21
Entzun

Donostiako Jazzaldiak mende erdia beteko du aurten, eta ospakizunaren neurriko programazioa osatuko dutela aurreratu zuen duela hilabete gutxi Miguel Martin zuzendariak. Bada, jaialdia egiteko bost hilabete falta direnean bertan, parte hartuko duten artisten zerrenda zabal bat aurreratu dute antolatzaileek. Bertan izango dira jaialdiaren azken urteetan arrakasta kritiko handia lortu duten musikariak, eta baita izen gazte eta berriagoak ere.

Aurten Heineken Jazzaldira berriro etorriko direnen artean dago Jamie Cullum dago. Pianista eta abeslari ingeles horrek 2013ko ekitaldian jo zuen, arrakasta handiarekin, Zurriola hondartzako Agertoki Berdean, eta aurten bigarrenez izango da Donostian —oraindik ez dute zehaztu zein oholtzatan—. Cullumek iaz kaleratu zuen bere azkeneko diskoa, Interlude, batik bat jazz eta blues standardez osatutako lana, baina Randy Newman eta Sufjan Stevensen bertsio bana ere biltzen duena.  

[youtube]http://youtu.be/gDSNIBe5I6k[/youtube]

Jamie Cullumen azkeneko diskoan parte hartu du Gregory Porter kantari estatubatuarrak. Iaz, gainera, ahots-jazzeko disko onenaren Grammy saria irabazi zuen Liquid Spirit lanagatik. Porterrek hiru disko kaleratu ditu 2010an Water lanarekin estreinatu zenetik eta bere belaunaldiko kantari ospetsuenetakoa bilakatu da. 

[youtube]http://youtu.be/9HvpIgHBSdo[/youtube]

Cullum eta Porterrekin batera, beste abeslari entzutetsuak ere izango dira jazzaldian, hala nola, Melody Gardot eta Dee Dee Bridgewater. 

Jazz instrumentalari dagokionean ere, izen ugari aurreratu ditu Donostiako Jazzaldiak: Benny Golson, Charles McPherson, Azar Lawrence, Billy Hart, Eddie Henderson, Donald Harrison, Dan Weiss, Billy Harper, Cecil McBee, George Cables eta John Zorn. Azken honek Massada maratoia eskaini zuen duela bi urte Kursaalean bere inguruan eratzen dituen hamaika formaziorekin, eta aurten, aldiz, hirukote formatuan etorriko da Donostiara.

Jazzetik apur bat aldentzen diren beste hainbat artista ere izango da jazzaldian: Earth, Wind & Fire Experience, Jimmy Cliff, Zaz, Silvia Perez  Cruz eta Lee Fields. Azken horrek 1969an kaleratu zuen bere lehenengo lana, eta orduz geroztik soulari eta funkari lotutako ibilbidea egin du. 

[youtube]http://youtu.be/0izlYypNyu0[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.