Donostiako 69. Zinemaldia tantaka-tantaka ari da jakinarazten jaialdian parte hartuko duten zuzendari eta aktoreen zerrenda. Astelehenean iragarri zen aurtengo Donostia sarietako bat, Johnny Depp, eta emakume zinemagileen zenbait elkartek erabakiarekiko desadostasuna adierazi dute dagoeneko. Aktore baten ibilbide artistikoari aitortza egiten dio izendapenak, baina kritikek ez dute zerikusirik Deppen jardun profesionalarekin.
2016an, orduko haren emazte zen Amber Heard aktoreak dibortzioa eskatu eta tratu txarrak egitea leporatu zion Deppi. Senar-emate ohiek akordio ekonomiko bat lortu zuten, baina, halere, ezin izan dute saihestu epaitegietara joatea: The Sun-ek «emazte astintzaile» deitu zion Deppi, eta hark hedabide britainiarra salatu zuen difamazioagatik; epaiketa galdu egin du. Difamazioagatik salatu zuen Heard bera ere, emakumeak akusazioak berretsi baitzituen 2018an, The Washington Post egunkarian argitaratutako zutabe batean. 2022ko apirilean hasiko da epaiketa hori.
Erabakia kritikatu duten elkarteek ez dute begi onez ikusten indarkeria matxista leporatu zaion aktore bat saritzea. CIMA emakumezko zinemagile espainiarren elkarteko lehendakari Cristina Andreuk harridura adierazi zuen izendapenaren berri izan eta laster: «Oso gaizki hitz egiten du jaialdiaz eta haren zuzendaritzaz, eta mezu beldurgarri bat helarazten dio gizarteari: ‘Aktore ona bazara, bost axola tratu txarrak egin badituzu’». Zinemaldiarekin harreman estua du CIMAk eta, horrenbestez, zein neurri hartu erabakitzen ari dira, Andreuk iragarri zuenez.
CIMAren gaitzespenari batu zaio (H)emen ikus-entzunezkoetako eta arte eszenikoetako emakumeek osatutako elkartearena. Lara Izagirre lehendakariak «haserre eta triste» daudela esan du goizean, Euskadi Irratiko Faktoria saioan. «Munduko edozein aktore aukeratu dezakete; ez dugu ulertzen aukera hau». Aktore onak ez ezik, «gizartean erreferente izan daitezkeen horiek saritzeko lekua ere bada Zinemaldia», haren iritziz: «Ez da zinemaz bakarrik arduratzen den erakunde bat».
Irailaren hasieran «gogoeta» egingo dute elkarteko kideek, baina, dena dela, Izagirrek gogorarazi du jaialdiak erabakia «atzera botatzeko tartea» duela oraindik. Espainiako beste zinema elkarte batzuekin hitz egin dute izendapenaren inguruan, eta denek uste dute «desegokia» dela, lehendakariaren hitzetan. «Ñabardurak egon litezke, baina iritzia bera da: elkarte guztiek gaitzesten dugu indarkeria matxista».
Rebordinosek justifikatu egin du
Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek, aitzitik, erabakia justifikatu du, Depp saritu izanaren arrazoiak haren filmografian daudela argudiatuz. «Jaialdiaren egitekoa da urteko pelikularik nabarmenenak eta interesgarrienak aukeratzea, eta aitortza egitea zinemari ezohiko ekarpena egin dioten pertsonei». Haren arabera, «zinema jaialdi baten funtzioa ez da industriako kideen jokabideak epaitzea».