Homo ludens. Izenburu hori jarri zion Johan Huizinga filosofoak 1938an argitaratu zuen liburuari. Gauza serioa da jolasa, betekizun garrantzitsua baitu gizartearen garapenean, erreferentziazko lan bilakatu zen liburu hark azaltzen duenez. Estu daude lotuta gizakia eta jolasa, Huizingaren hitzetan. Izenburutik hasita da nabarmena gogoeta horren oihartzuna Altzuzako Oteiza museoan ireki duten erakusketan, Nafarroan. Homo ludens, artista jolasaren aurrean du izena, eta otsailaren 13ra arte egongo da zabalik.
Jolasaren estetika, artearen eta dibertsioaren arteko lotura agertzen duten hamaika artistaren 75 lan biltzen dira bertan. Izen handi batzuk tartean. Besteak beste, Picasso, Duchamp, Miro eta Oteizarenak. Euskal eskultoreari ere heldu zitzaion Johan Huizingaren lanaren oihartzuna. Haren liburutegiko idazkien artean museoko langileek aurkitu berri duten ohar bat da horren froga: «Bizitza = jolasa».
Konstante bat da jolasa XX. mendeko abangoardia mugimendurik gehienetan, eta horren lekukotza biltzen du erakusketak lau sailetan. XIX. mendean hasten da, hala ere, ibilaldia, 1879an, Stephan Mallarmeren Un coup de des n'abolira pas le hassard (Dado kolpe batek ez du inoiz zoria suntsituko) poemaren gaztelaniazko itzulpenarekin. Aitzindaria da Mallarmeren lana. Hitzen itxura eta espazialtasuna ikertu, eta poeta askatu egin zuen orri zuriaren ordura arteko zurruntasunetik. Ireki egin zuen jolaserako aukera.
Kurt Schwitters alemaniarraren pieza bat du ondoan Mallarmerenak (Schwitters dada taldekoa da eta poesia bisualaren erreferente nagusietariko bat); Ricardo Ugartek, Julia Otxoak eta Texto Poetico taldeko artistek hitzekin jolastuz sortutako lanak ere badaude, eta Joan Brossa poeta katalanaren bi poema-objektuk ixten dute Poetika bisualak izeneko lehen saila. Zoriari eskainiak dira biak: giltzarrapo batek lotutako karta joko bat eta barruan bi dado dituen porroi bat.
Eskura dituen materialak hartzen ditu maiz artistak jolaserako beharrak bultzatuta, Aitziber Urtasun erakusketaren komisarioak azaldu duenez. Horregatik, eskura duenarekin hasten da jolasten, sortzen. Oteizakhain gustuko zuen xanpain botilak biltzeko materialaz edo kortxoz egindako piezak dirahorren erakusgarri, adibidez, bigarren sailean. Jolas sakona, espazioaren desokupazioaren ideiarekin esperimentatzen baitzebilen.
Protestarako bide
«Jolasa ez da denbora-pasa soila», dio Urtasunek, «beren sorkuntza indartzen lagundu ditu artista hauetariko asko». Hor daude Angel Ferranten lanak, eta Pablo Picassok aldizkarietako argazkietatik abiatuta sortutakoak. Sinadurarik gabekoak asko, hasiera batean ez baitziren inon erakusteko sortu, jolas hutsagatik baizik. Baina bada bere jolasa kalera eraman zuenik ere. Hori da, adibidez, Luigi Vernesi artistak sorturiko txotxongiloen kasua, baita Joan Mirok kaleko antzerkietarako eginiko figurena ere.
Protestarako bide da bi adibide horietan jolasa, baina izan daiteke helburu ere. Alexander Calder estatubatuarrak sorturiko miniaturazko zirkua da horren adibide, bideo bidez jasoa. Artista ageri da bertan, bere sorkuntzarekin jolasean. Serio jolasean.
Zentzurik estuenean jolas deitu ohi direnei eskainitakoa da erakusketaren hirugarren atala. Puzzle modukoei, xakeari, buruhausgarriei... Artista ezagunen izenak dituzte guztiek atzean. Marcel Duchampek eta Man Rayk eginiko xake jokalariei buruzko argazki saila; Bauhaus eskolaren xake pieza abstraktuak; Josef Hartwigek sorturikoamaierarik gabeko jolasak...
'Lego' kontzentrazio esparrua
Jolasean ere, dena ez da jolasa ordea, Ludosofia kritikoak izeneko erakusketaren atalean argi ikusten denez. Erakusketaren sailik garaikideena da, baita kritikoena ere. Jolaserako erabili ohi diren elementuen bidez, errealitate iluna agertzen dute pieza askok. Zbiegniew Libera artista poloniarraren lana da deigarrienetariko bat, baita bortitzena ere: lego piezez eginiko kontzentrazio esparru bat. Aho biko jolaserako gonbita. Joan Fontcuberta, Antoni Miralda, Angel Mateo Charris, Eugenio Ampudia, Rafael Bianchi eta Diego del Pozo artisten lanek osatzen dute saila.
Ironiaz beteriko lanak dira gehienak. Jolasaren bidez, bai, baina jostagarri ez diren gaiez ari direnak: bortizkeriaz, Afrikaren zapalkuntzaz, kulturaren banalizazioaz... Saila ixten duten Juan Luis Moraza gasteiztarraren bi lanek, gainera, jolasteko aukera eskaintzen diote ikusleari.
Jolasean buka dezake ikusleak erakusketako ibilbidea, gainera. Hori da Diego del Pozoren instalazioak egiten duen proposamena. Erakusketako azken aretoan, eseri eta jolasteko aukera ematen dio bisitari. Erakusketaren izen bereko liburua ere argitaratu du museoak Aitziber Urtasun, Juan Luis Moraza eta Julio Gonzalez Del Camporen testuekin.
Jolasaren estetika
Jolasaren eta artearen arteko lotura agertzen duten lanak bildu ditu 'Homo ludens' erakusketak, Oteiza museoanPicasso, Duchamp, Miro, Oteiza, Calder eta Vernesiren piezak ikus daitezke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu