Duela hamar urte argitaratu zuen Jon Arretxek (Basauri, Bizkaia, 1963) 7 Kolore liburua. Munduan barrena egindako hamaika bidaiatan bizi izandako esperientziak bildu zituen. Liburua zazpi ataletan banatu zuen, eta atal bakoitzak kolore bat zuen gidari, sentimendu jakin bati loturik betiere. Lan hura amaigabetzat zuen idazleak berak. Orain osatu ahal izan du berak "amestutako" eran. Francisco Ibañeñezen musikak eta Cristina Fernandezen ilustrazioek biribildu dute duela hamar urteko lana. Erein argitaletxearekin plazaratu du lan osatu berria. Liburuaz gain, zazpi kantuz osaturiko CDa ere bildu du lan berrira.
Jon Arretxek berak orain hamar urte idatzitako zenbait testu moldatu egin ditu. Eta kolore bakoitzari loturiko testuetan oinarriturik zazpi kantuetako letrak idatzi ditu. Francisco Ibañez musikagileak konposatu ditu zazpi musika piezak Arretxeren kantuek iradokitzen ziotenetik abiatuta, eta Cristina Fernandez ilustratzaileak sortu ditu testu bakoitzari dagozkion irudiak, teknika digitalak eta eskuzkoak erabiliz.
Iñaki Belasko izan da piano jotzailea, eta kantariak honako hauek: Olatz Saitua (sopranoa), Enrique Campos (tenorra) eta Jon Arretxe bera (baxua). Zuzeneko emanaldiak egiteko asmoa du Arretxek lana osatzen lagundu dioten musikari guztiak lagun dituela.
literatura
Jon Arretxek '7 Kolore' liburua osatu egin du musikarekin eta ilustrazioekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu