Zinema

Jon Garaño: "'Loreak'-en liburua itxi eta berri bat irekitzeko garaia da”

Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako filma Oscar sarietarako lehiatik kanpo geratu da. Mundu osoko 90 lanen artean bederatzi hautatu dituzte bart Oscar sarietarako ingelesez besteko atalerako, eta horietatik bost izango dira finalistak. Hala ere, egindako bidearekin kontent dago Garaño.

Jon Garaño (ezkerrean) eta Jose Mari Goenaga, 'Loreak' filmaren zuzendariak. JAGOBA MANTEROLA, ARGAZKI PRESS
mikel lizarralde
2015eko abenduaren 18a
10:06
Entzun

Amaitu da. Loreak filmaren amets amerikarrak ez du jarraipenik izango Oscar sarien lehian. Bart erabaki ditu Hollywoodeko Akademiak ingelesez besteko filmen atalean zein bederatzi film pasako diren hurrengo fasera, eta Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren lana hautaketa horretatik kanpo geratu da. Loreak izan da Oscar sarietarako lehian parte hartu duen euskarazko lehen filma. Espainiako Zinema Akademiak iazko uztatik aukeratu zuen, Espainiako ordezkari legez. Harrezkero, AEBetako hainbat hiritan eskaini dute filma, Oscar sarietan jarraitu ahal izateko bertan igaro behar zituen bi langak gainditzea lortzeko bidean.

Nahiz eta jakin zaila zela Oscarren azken txanpan sartzea, pena izango duzue gaur....

Bai, bagenekien zaila izango zela, baina pena eman digu. Nahiz eta geure burua prestatua izan albiste txarrerako, jasotakoan pena eman digu.

Itxaropentsu zineten?

Bai, [Hollywoodeko] Akademiak egin zuen emanaldian harrera ona izan zuen filmak, eta esan ziguten hori ez dela beti gertatzen. Eta baziren itxaropena pizteko detaile batzuk. Era berean, ikusten genuen beste film batzuek ere oihartzuna izan zutela, eta, gainera, promoziorako indar berezia zutela. Eta halakoetan pentsatzen duzu ez dela erraza izango. Gauza guztiak batuta, pentsatzen genuen: “Posible da, baina, era berean, zaila izango da”. 

Azkeneko hilabeteetan filmaren aldeko lana egiten aritu zarete AEBetan. Zer-nolako lana izan da zehazki?

Lan ezberdina egin dugu. Oscarren kontu hau dela eta, AEBetan estreinatu dugu filma areto komertzialetan. Alde batetik, egin dugu horretarako promozio lan bat. Los Angelesen izan ginen, eta elkarrizketak egin zizkiguten komunikabideetan, solasaldiak izan genituen publikoarekin.... Bestetik, Oscarrei begira, elkarrizketez eta solasaldiez gain, han oso ohikoa den lunch bat izan genuen akademiakideekin. Lehian dauden film gehienek egiten duten zerbait da. Oso esperientzia polita izan zen, filma ikusia zuten akademiakide batzuk etorri zirelako gurekin egotera, eta  pelikularen oso aldekoak zirelako. Indar handiarekin atera ginen hortik. Gainera, ondo egon zen hori ezagutzea, industriako jendea baitzen dena. Beti esaten da Hollywooden bozkatzen dutenak juduak eta zaharrak direla. Eta, gure kasuan, horrela izan zen! Helduak eta jatorri judukoak ziren asko.

Harreman publikoetarako pertsona bat ere izan duzue.

Bai, oso  inportantea da harreman publikoetarako pertsona bat izatea. Kontratatu genuen horretarako emakume bat, eta egin du sukaldeko lana deitzen dugun hori. Baina ez da nahikoa izan. Azkenean, argi dago filmak egin behar duela bere lana.

Moriarti ekoiztetxe txikia izanda, zer-nolako laguntza izan duzue Hollywooden lehiatzeko?

Promozioa egiteko jaso dugu Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Espainiako Kultura Ministerioaren laguntza ekonomikoa. Eta, horretaz aparte, izan dugu gure egoera berean izan diren beste film batzuen egileen laguntza. Pa negre-koekin egon ginen, Truebaren ekoiztetxearekin.... Azaldu ziguten beraiek zer bide egin zuten, eta oso eskertuta gaude. Baina aipatu beharra daukat jendeak eman digun laguntza ere. Sostengu handia izan dugulako beti. Hori oso polita izan da, jendeak ere bere egin duelako filma. Gaur asko ari gara sentitzen babes hori.

Nolabaiteko klase magistrala izango zen hau zuentzat....

Dudarik gabe. Hasteko, ikusi dugu nola funtzionatzen duen AEBetako merkatuak. Alde batetik, dago industria handi hori, Hollywoodekoa, eta, bestetik, beste industria txikia, gurea bezalako filmak mugitzen dituena. Baina industria bat ere badena. Ezagutu dugu nola mugitzen diren han proiektuak, ez baitauka zeikusirik hemengoarekin. Estrategiak, aktoreen indarra.... beste mundu bat da! Han zinema ikusten dute industria gisa. Guk hemen, aldiz, industria eta kulturaren arteko zerbait gisa.

Hamabost hilabete pasatu dira Loreak Donostiako Zinemaldian estreinatu zenutenetik, eta gauza asko gertatu dira filmaren inguruan denbora horretan. Nola bizi izan duzue zuek hori guztia?

Guretzat ezin hobea izan da dena. Donostiako Zinemaldian estreinatzea izugarria izan zen, eta zinema aretoetan estreinatu zenean ere oso bide polita egin zuen; batik bat Euskal Herrian, baina kanpoan ere nahiko ondo. Gero Goya sariena etorri zen, eta horrek ere arreta piztu zuen, eta modu paraleloan filma nazioarteko hainbat zinemalditan ari zen mugitzen. Eta, azkenik, Loreak pixka bat atzean utzita genuenean, Oscar sariena etorri zen. Opari gisako bat izan zen. Eta begira, gaur pena ematen digu Oscarren azken lehian ez sartzeak, baina, era berean, berri ona ere bada, Loreak-en liburua ixteko eta berri bati ekiteko garaia ere badelako. Bagabiltza proiektu batekin, baina Loreak-ekin gertatu den guztiarekin atzeratzen joan da.

Loreak-en ibilbidea amaitutzat ematen duzue?

Zentzu handi batean bai. Oraindik zinemaldi batzuetara joango da, eta emanaldi berezi batzuk ere izango dira, baina beste intentsitate maila batekin... Guretzat esfortzu handia izan da azken hilabeteetakoa, eta behar dugu karpeta hau itxi. Dena dela, filma hor dago, eta bere bizitza izango du. Esan dezakegu semea edo alaba etxetik bota dugula dagoeneko!

Orain Altzoko Handia...

Bai, horretan ari gara, eta asmoa da udaberrian hastea filmatzen. Ari gara casting lanak egiten, lokalizazioekin... eta dena ondo badoa, udaberrian hasiko gara.

Jakitun zarete Loreak-ek egindako bidearekin begi asko izango direla zuen gainean.

Orain horren alde positiboa sumatzen ari gara. Loreak-i esker, modu errazagoan lortu dugu finantzaketa, eta beste ate batzuk ere irekiagoak izateko aukera izango dugu. Bestetik, badakigu alderatuko dituztela bi filmak eta batzuei gustatuko zaiela eta beste batzuei ez. Hori naturala ere bada. Filma oso ezberdina izango da, eta saiatuko gara ahalik eta hobekien egiten. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.