Jon Urzelai
Bi ahotsetara

Herri Berria

2024ko martxoaren 24a
05:05
Entzun

Iaz gehien entzun nituen diskoetako bat Fiera sevillarren Pueblo Nuevo izan zen. Pablo Peñak eta Darío del Moralek osatutako bikotea da Fiera, eta egiten dutena post-punka edo halako zera industrial minimalista samar bat da. Tira, min emateko edo zauriren bat eragiteko gai den edozein tresnarekin egiten dute jolas batez ere, istripuak bilatu nahian-edo.

Abestien letrek eta darabilten iruditeriak asaldatzeko helburua dute, nahiz eta gordinkeriei muzin egiten dieten. Arrunta dute jomuga, normaltasuna. Pablo Peñaren hitzek bi liburu ekarri dizkidate gogora, haiekin solasean ari dela iruditzeraino kasik. Emmanuel Rodríguez Lópezek El efecto clase media deitu dio azken mende erdian eraiki eta orain amiltzear ei dagoen gizarteari, gatazka estaltzen duen eta ezustekoek izua sortzen dioten horri. Peñak Rodríguez madrildarraren ikuspegi analitikoagoa janzten du kantuetan: «Neska latinoak garbitu eta kozinatzen du / eta barre eragiten dit / horma altu bat eta hesietako labana / eta atean mastin bat».

Jorge Dioni Lopezek La España de las piscinas izena jarri zion ihes betea amesten duten klase ertainekoez edo ertain-ustekoez betetako eta txalet berdin-berdinez osatutako hiri inguruko auzoei, eta oasi horien zutabeak zein diren labur zehazten du: deskonexioa, segregazioa, homogeneotasuna, familia, autoa. Fierak soinu banda jartzen dio gogo horri eta haren ifrentzuari: «Atera distira platerei / bota pozoia arratoiei / normal arnastu / atera neguko arropa / zer esan nahi du amets horrek? / normal arnastu / bota usteldutako fruta». Agindu segida modu ezustekoan eteten du, ordea, «droneak iritsi baino lehen» abestean. Ateraldiak badu azalpenik: piztia inguratuak irudikatu ahal duen bakarra hondamendia da.

Aipatu ditugun musikari eta idazleak espainiarrak dira, baina ziur gurean ere halako joerak erraz topatuko lituzketela, geure oasiko oasietan. Anari ere Herri Berri horri idazten eta kantatzen ari zaio aspaldion, ezer egitekotan. Irla blindatuak, gure intimitatearen bunkerrak, atzera eta atzora nahi duen munduak, errendituta oheratutakoak, dekadentziaren sintoma ugariak eta ageriak nori buruz ari dira, bestela?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.