Askotan egin dira abestien bertsioak, baina teknologia berriek pauso bat aurrerago eraman dute musikarekin jolasteko aukera. Jorge Drexler Uruguaiko musika egile eta abeslariak tabletarako eta smartphone-rako aplikazio berria asmatu du: Aplicanciones. Programa horri esker, entzuleek gustuko abestia hartu, mila pusketatan zatitu eta infinitu bertsio egin ditzakete. Irailean kaleratuko duen diskoaren hiru abesti moldatu ditu aplikazio berritzailerako. Drexler Donostian izan da EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, eta, Fernando Velazquezen gidaritzapean, Madera de deriva aplikaziorako moldatutako abestia grabatu du.
Iaz, orkestrarekin hainbat proiektu zituen Drexlerrek, baina bertan behera utzi behar izan zituen alaba jaiotakoan. «Pena handia eman zidan EOSi ezetz esateak, eta, ordutik, irrikan egon naiz proiektu horiei berriz ere ekiteko». EOSek zatika grabatu behar izan du abestia; 70 musikariren doinuak banan-banan jaso dituzte, ondoren erabiltzaileek doinu horiek nahi bezala nahasteko. Drexlerren esanetan, proiektuaren berezitasuna soinuen milaka eta milaka konbinazioak dira, eta joan den mendeko poesia postsurrealistarekin eta Wolfgang Amadeus Mozarten Musikalisches Würfelspiel piezarekin alderatu du: «Erronka da abesti polit bat sortzea, baina oraindik zailagoa eta ederragoa abestiaren doinu bakoitzak zentzua edukitzea».
Aurrekaririk gabeko proiektua da Drexlerrena. Abestiarekin jolasteko ez ezik, musika partekatzeko balioko du programak.
Jorge Drexler eta EOS, doinu infinituaren bila
Tableten eta 'smartphone'-en erabiltzaileentzako aplikazioa sortu du Uruguaiko musikariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu