Zinemaldia

Jorge Gil: "Hasiberriak eta beteranoak maila berean daude 'Kalebegiak' filmean"

'Kalebegiak' film kolektiboko koordinatzaile Jorge Gil 'Zurriolako butaka' saioan izan da, Telmo Esnal pieza laburren egileetako batekin batera. Gaur estreinatuko dute 'Kalebegiak' Velodromoan. Ez da sarrerarik gelditzen. [Youtube]https://www.youtube.com/watch?v=msr8nk5ltK4[/youtube]

urtzi urkizu
2016ko irailaren 21a
14:00
Entzun

Jorge Gil 'Kalebegiak' film kolektiboko koordinatzaileak 'Zurriolako butaka'-n nabarmendu du prozesu "luzea" baina "atsegina" izan dela Donostiarekin lotutakoa. "Hamabi film labur ikus daitezke 'Kalebegiak'-en. Eta maila berean daude hasiberrien lanak eta beteranoenak", azaldu du Gilek. Izan ere, ikusleak ez du jakingo film labur bakoitza zein egilerena den. "Ikusi dutenek komentatu digute ez dela igartzen zeintzuk diren hasiberrienen lanak, eta hori guretzat oso pozgarria da". Velodromoan estreinatuko dute gaur 'Kalebegiak'. Aurretik prentsaurrekoa emango dute Kursaalean. "Prentsaurreko historikoa izango da Zinemaldian. Zuzendari, aktore eta taldeko beste batzuk batuta, 30 lagun baino gehiago izango gara". Telmo Esnal zinemagileak Asier Altunarekin batera egin du film laburretako bat, Kontxako Banderako estropada egunean girotua. "Nahiz eta enkarguzko lan bat izan, oso gustura egin dugu lan eta pozik gaude emaitzarekin", adierazi du Esnalek. Proiektu berri batean buru belarri sartuta dago orain Esnal, euskal dantzekin lotutakoa: "Lortu dugu filma egiteko finantzaketa. Eta datozen hilabeteetan egingo ditugu grabaketak, dantzariekin. Niretzat oso berezia da proiektua, gaztetan dantzaria izan nintzelako", gaineratu du Esnalek.

Saio berean, 'Irutxuloko Hitza'-ko kazetari Nerea Lizarraldek bi bideo aurkeztu ditu: Gorka Otxoa aktoreari egindako elkarrizketa, 'Igelak' filmaren inguruan; eta Ane Urrutikoetxearekin izandako solasaldia. Donostiako Orfeoiarekin batera 'A monster calls' filmean ahotsa jarri du Urrutikoetxeak. Film hori aurkeztera etorri da Sigourney Weaver aktorea, eta gaur jasoko du Donostia Saria. Weaverren ibilbidea errepasatu dute bideo batean BERRIAko kideek.

Kritikarien solasaldian, Mikel Yarza blogaria eta Gorka Erostarbe BERRIAko kazetaria izan dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.