Jose Antonio Arana Martijari emango diote 2010eko Manuel Lekuona saria

Euskal kulturarekiko duen konpromisoa eta egin duen lana nabarmendu ditu Eusko Ikaskuntzak

Juan Luis Zabala
2010eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Jose Antonio Arana Martija euskaltzainak (Gernika, 1931) jasoko du Eusko Ikaskuntzak emandako 2010eko Manuel Lekuona saria, «mende erdi luzean izandako euskal kulturarekiko konpromiso eta lanaren onarpen gisa».

Gernikan jaio zen Jose Antonio Arana Martija, 1931n. Frantzian erbesteratuta egon ondoren, Humanitate eta Musika ikasketak egin zituen Gasteizko Seminarioan, eta gero Zuzenbide eta Ekonomia Zientzietako lizentziatura eskuratu zuen. 1950eko hamarkadaz geroztik zenbait enpresatan egindako lanarekin batera garatu ditu musika, euskara, historia, folklore eta dokumentazio ikerketak. Batez ere XX. mendearen bigarren erdialdeko euskal musikaren ikerketa eta dibulgazioanegin du lan. Música Vasca liburua —1976an argitaratua eta geroztik hainbatetan berrargitaratua— da lan horren fruitu nagusietakoa, «tokiko musikaren historiaren inguruan egindako lehen bilduma lan global, zabal eta dokumentatua», Eusko Ikaskuntzak jakinarazi duenez.

Gernikako Andra Mari abesbatzen sorreran eta zuzendaritzan egindako lana ere oroitarazi du Eusko Ikaskuntzak, saria nori emango dion jakinarazteko igorritako agirian. «Gainera, nabarmentzekoak dira euskal musika sistema hobetzeko egindako txostenak».

Euskaltzaindiko liburuzain da Arana Martija 1978az geroztik, eta euskaltzain osoa 1988az geroztik. «Jose Antonio Arana Martijak lan handia egin du dokumentalista eta bibliografo gisa, katalogo, kantutegi eta bestelako bilduma garrantzitsuak sortuz».

Eusko Ikaskuntzako kide ere bada Arana Martija. Musika Saileko presidente izan zen 1987 eta 1990 bitartean. Horretaz gain,RSBAP-EHAE Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko Eusko Ikasketen Institutu Amerikarreko kide ere bada.

Frankismo garaian kartzelatua

«Frankismo garaian zenbaitetan kartzelara eraman zuen konpromiso politikoa» ere aipatu du agirian Eusko Ikaskuntzak. «Demokrazia iristearekin, Gernikako zinegotzi eta Bizkaiko Batzar Nagusietarako batzarkide aukeratu zuten», ekarri du gogora agirian.

Duela hiru urte Euskaltzaindiari eman zion bere biblioteka, eta Euskaltzaindian biblioteka horren katalogoa aurkeztu zuen iazko abenduan.

Manuel Lekuona saria 1983an sortu zuen Eusko Ikaskuntzak, «euskal kulturako pertsonalitateen onarpen gisa, betiere, obra guztiak (opera omnia) interes nabarmena badu». Jorge Oteiza, Bernardo Estornes, Carlos Santamaria, Jose Maria Jimeno Jurio, Eugene Goienetxe, Micaela Portilla, Menchu Gal eta Manuel Lekuona daude aurreko urteetan saria jaso dutenen artean. Saritzat Remigio Mendiburuk sortutako brontzezko eskultura jasoko du sarituak, oraindik zehazteko dagoen egunean egingo den ekitaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.